FAMILIA ETA LAGUNEI ERREPORTAJEAK EGITEN ZIZKIEN HAUR BATEN ISTORIO MAITAGARRIA DA JONENA. ZALETASUN HORREK ETA LOKUZIOAREKIKO MAITASUNAK IKUS-ENTZUNEZKO KOMUNIKAZIOA IKASTERA ERAMAN ZUTEN. KARRERAKO AZKEN URTEAN PRAKTIKAK EGIN ZITUEN GAZTEA IRRATIAN, ETA HAN GERATU ZEN, GAUR ARTE
I. S. //
Zerk bultzatu zintuen irratiaren munduan hastera eta nola iritsi zinen Gaztea Irratira?
Txikitatik oso garbi izan nuen komunikazioaren munduan lan egin nahi nuela. Uste dut batxilergoan irratia gehiago entzuten hasi nin-tzela, eta orduan piztu zitzaidan irratian lan egiteko grina. Unibertsitatean nengoenean Gaztean lan egiteko beka eskatu nuen, eta ordutik nabil bertan lan egiten.
Urteko momenturik biralenen bideoak sortzen dituzu. Nola aukeratzen duzu edukia eta nolakoa da sortze prozesua?
Uf…, oso prozesu luzea da. Urte osoan zehar gertatzen diren gauza interesgarriak apuntatzen joaten naiz. Instagram, TikTok eta Twitterreko bideoak gordetzen joaten naiz. Urte-bukaera iristen denean, urri-azaroan, gutxi gorabehera, orduan hasten naiz bideo guztiak pilatzen, ordenatzen eta bideoa muntatzen.
Eurovisióni buruzko bideoak egin dituzu eta arrakasta handia izan dute. Zer inspirazio izan duzu eta nolako erantzuna jaso duzu jendearengandik?
Egia esan, besterik gabe hasi ginen bideoak egiten. Denbora pasatzeko eta guk ondo pasatzeko. Operación Triunfo hasi zenean Igor lagunari galak komentatzen hastea proposatu nion. Ustekabean, bideoek sekulako arrakasta izan zuten eta, orain, horrelako gauzak geratzen direnean, bideoak egiten saiatzen gara. Inspirazioari dagokionez, reaction cam formatua ez da ezer berria. Aspalditik egin izan dira horrelako bideoak YouTuben, Twitchen eta horrelako plataformetan. Telebistan ere formatu horri lekua egin diote Piztu Telebista eta horrelako saioekin. Hortaz, formatu aldetik ez dugu zerbait berritzailea egiten, baina guri oso ondo funtzionatu digu eta jendea zain egoten da gure erreakzioak ikusteko. Horrek asko pozten eta motibatzen gaitu.
2018an Gaztea Irratian hasi zinenetik, nola aldatu da zure rola irrati-esatari eta eduki-egile digital gisa?
Pixkanaka eboluzionatzen joan dela esango nuke. Irratia garatu eta eduki digitalek geroz eta garrantzi handiagoa hartu ahala, nire eginbeharrak ere aldatu egin dira. Lehen, nire lanaldiaren denbora gehiena mikrofonoaren aurrean pasatzen nuen. Pixkanaka-pixkanaka gero eta irrati gutxiago egin eta sareetako eduki gehiago egiten hasi nintzen. Orain nire lanaldia eduki digitalak sortzera bideratuta dago.
Behin aipatu zenuen bideo batek bi egunetan ia 3 milioi ikustaldi izan zituela. Nola kudea-tzen duzu horrelako biralitatea sare sozialetan?
Hori lehenengo Rewindarekin gertatu zitzaidan. Itzela izan zen, ez nuelako espero. Instagram eta Twitterreko notifikazioak kendu behar izan nituen mugikorrak etengabe bibratzen zuelako… Ehunka mezu eta komentario jaso nituen eta albistegietan eta egunkarietan agertu nintzen. Biralitatea guai da, baina bi egunerako. Bi egunez mundu guztiak hitz egiten du zure edukiaren edo zure inguruan, baina bi egun horiek bukatzean bizitzak berdin-berdin jarraitzen du eta inor ez da zutaz gogoratzen. Birala izatea oso efimeroa da.
“Orokorrean, lan bakoitza bereizten saiatzen naiz”
Zein izan da orain arte aurkitu duzun erronka handiena eduki sortzaile gisa, eta nola gainditu duzu?
Uste dut nire lanean egunero ditugula erronkak. Beti dugu zerbait berria egiteko. Bideojoko baten barruan egotea bezalakoa dela uste dut, pantailak gainditzen joan behar duzu, egunero hobetzen, arazo berriak konpontzen… Pantailak gainditzen zoaz baina jokoa ez da amaitzen. Hala ere, zerbait esatearren, 2020ko Gaztea Sariak aipatuko nituzke. Eromena izan zen. Oso langile gutxi ari ginen sareetan lanean, ia hasiberriak ginen, eta genituen baliabide eskasekin (oso eskasak) oso kontakizun txukuna egitea lortu genuen. Instagram live bat grabatu genuen, gero emititzeko. Teknikoki erronka bat izan zen eta izerdi asko bota genuen egun horretan bertan guztia grabatu, editatu eta zuzenean emititzeko. Baina oso pozik geratu ginen emaitzarekin.
Nola uztartzen duzu Irratian egiten duzun lana sare sozialetarako eduki sortzearekin?
Orokorrean, lan bakoitza bereizten saiatzen naiz. Zenbaitetan nire eduki pertsonalek ez dute Gaztean egiten dudan lanarekin zerikusirik. Hala ere, askotan zaila izaten da. Azken finean, eduki desberdinak diren arren, bideoaren atzean dagoen pertsona bera da.
Gazteentzako irrati batean lan eginez, nola ikusten duzu musikaren joeren bilakaera azken urteotan?
Oso galdera zabala da hori. Gizarte gero eta globalizatuagoan bizi gara, non musika egitea gero eta errazagoa den eta musika entzuteko baliabide anitz ditugun. Hainbeste eskaintza edukitzeak norberak nahi duena entzutea ahalbidetzen du. Mainstreama beti egongo da hor, baina lehia are handiagoa eta biziagoa da. Euskal artistei dagokienez, loraldia bizitzen ari garela uste dut. Duela urte batzuk pen-tsaezina zen BEC, Nafarroa Arena eta halako aretoak euskaraz egindako proiektuekin betetzea. Orain hori posible dela ikusi dugu. Izugarria da gure kultura eta musika nazioarteko beste artista edo proiektuekin parekatzea.
Zein proiektu edo lankidetza berri dituzu buruan?
Hasiera batean nire asmoa Gaztean topera jarraitzea da. Gazteako sare sozialen taldea sendotzea gustatuko litzaidake, eduki gehiago sortzen jarrai-tzeko, berritzaileagoa eta hobea. Nire sareetan ere edukiak sor-tzen jarraituko dut. Eta gainera nire bizitzako lehen triatloia prestatzen ari naiz… Beraz, horrekin erronka nahikoa daukat ekainera arte, gutxienez.