“Mauthausenetik haratago” erakusketa Okendon

Francesc Boixek (1920-1951) izugarrikeria erretratatu zuen, amaitzean irudi horiek justizia egiteko balioko zutelakoan. Argazkilari katalanak lau urte eman zituen Mauthausengo kontzentrazio-esparruan, eta bertan, erreskatatu eta borrero nazien aurkako froga gisa erabili ahal izan ziren negatiboak ezkutatu zituen. Gazte-gaztetatik argazkigintzak erakarri zuen, eta nerabe bat besterik ez zela, Gerra Zibileko fronteak zeharkatu zituen gertatzen ari zena dokumentatzeko.

Erakusketa Okendo Kultur Etxean

Okendoko erakusketak 132 argazki, 93 azalpen-kartel eta sarrerako zenbait panel ditu hiru eremutan banatuta. Gainera, Boixen garaiko jatorrizko materiala ikus daiteke: artikuluak, aldizkariak, komikiak… Nurembergeko epaiketen irudien proiekzioa ere badago. Gainera, apirilaren 9an eta maiatzaren 14an, biak 19:00etan, Juan Francisco Murillok komentatutako bi bisita izango dira, gaztelaniaz eta aurrez izena emanda.

Memoria historikoa ardatz

Erakusketa honekin “Francesc Boixekiko eta gerren, Espainiako Gerra Zibilaren eta Bigarren Mundu Gerraren bideetatik ibili ziren gizon eta emakume errepublikanoekiko oroimenezko betebeharra” bete nahi dute antolatzaileek. “Hirugarren Reich alemaniarraren esklabotzaren eta sarraskiaren eremu guztietan bizitza utzi eta duintasuna suntsitu zizkioten gizon eta emakumeak izan ziren; eta bizirik atera zirenen kasuan, behin betiko erbesteratzera edo diktadura frankistaren erregimenaren tratu lotsagarrira behartuak izan zirenak”, ondorioztatu dute.