Nazioarteko ‘best-seller’ak euskeraz

Erein argitaletxeak, Fernando Reyren itzulpen lanarekin, Alex Michaelides idazlearen Paziente isila nobela “erakargarri eta misteriotsua” ekarri du euskarara. Lan honekin, argitaletxeak “bide berri” bati ekingo dio: azken urteetan nazioarteko best-seller izandakoak euskarara ekarriko dituzte hemendik aurrera, eta lehena, Michaelidesen eleberri hau izan da, mundu osoan 6,5 milioi ale saldu dituena.

Thriller psikologikoa

Ereinek osatutako best-selleren zerrendan lehen postuan zegoen Paziente isila. Thriller psikologikoa da, asko kontsumitzen den generoa. “Orohar nobela beltza izan ohi da gehien irakurtzen dena”, azaldu du Razquinek.

“Oso ondo eraikitako” kontakizuna da Paziente isila. Kontakizunaren premisa honakoa da: alde batetik, bere senarrari bost tiro jo ondoren mutu geratu den margolari bat aurkezten dio nobelak irakurleari; eta, bestetik, kasuarekin obsesionatu eta misterioa argitu nahi duen psikoterapeutaren bizipenak ere kontatzen ditu.

Itzultzailearen ustez Michaelindesek modu paregabean uztartu du tragedia greko-erromatarraren tradizioa, Agatha Christieren tropoekin: “Testuak irakurlea modu aktiboan jartzen du” zer jazo den argitu nahian.

“Nire ustez nobela honek irakurleari beste ate edo leiho batzuk irekitzen dizkio”, esan du itzultzaileak, eta jarraian gaineratu nahi izan du berari “zein ate edo leiho” ireki dizkion. Hurrenez hurren, “isiltasunaren esanahia eta, indarra sufritzen dutenengan eta gizartean, haurtzaroko afektuen garrantzia”; osasun mentala eta gaitzaren arteko mugen lausotasuna: bai eta gizabanakoak zein itzal eta argi dituen ere.