Nøgenek bere 10. urteurrenaren ospakizunei hasiera emango die 2026an, urtarrilaren 3an Kursaal Eszenako programazioaren barruan Donostiako Kursaal Auditorioan eskainiko duen kontzertuarekin. Emanaldi honetarako sarrerak datorren asteartean, apirilak 1, jarriko dira salgai.
Salmenta orokor horren aurretik, Eszena Kide programarekin bat egiten duten pertsonek ostiral honetako 11:00etatik apirilaren 1eko 11:00ak arte luzatuko den prebentaz baliatu ahal izango dira. Sarrerek 25 euroko prezio bakarra dute (-%10 Eszena Kidesentzat) eta Kursaaleko leihatiletan eta webgunean erosi ahal izango dira (helbide hau da sarrerak online saltzeko kanal baimendu bakarra).
Nøgen boskote donostiarrak 10 urte beteko ditu 2026an, eta Kursaal Eszena aukeratu du efemeride hori ospatzeko, “ziklo aldaketa baterako une aproposa” delakoan. ‘Aben Cirkel’ azken diskoan, abestietan zein zuzenekoetan, “Euskal Herrian zein atzerrian zuzenean defendatu duten etxe bat irudikatzen zuten”, gogoratu dute Kursaal Eszenatik.
Kontzertua iragartzeko bideoa
Taldearen ustez, “orain da joateko unea, dena jaso eta etxea atzean uzteko unea”, eta halaxe kontatzen dute kontzertua iragartzeko egin duten bideoan, Antton Telleriak eta Mikel Oyarzabalek lagunduta, eta ostegunean argitaratuko dute euren sare sozialetan.
“Inoiz ez dugu jakin nora goazen, baina aukeratu dugu nola eta norekin. Trenak pasa dira, batzuk hartu ditugu, eta beste batzuk ez; azken finean, edozein gaztek bezala, ahal izan dugun moduan egin dugu aurrera. Gure azken diskoan etxe bat irudikatu dugu, bai abestietan bai kontzertuetan, basoaren erdian dagoen aterpe bat. Eta orain, 10 urte bete ditugunean, aro honi amaiera ematera behartuta gaude. Kutxak bete eta etxea hustu. Hurrengo geltokia bilatuko dugu “, azaldu du talde donostiarrak.
Nøgen 2016an hasi zen abestiak konposatzen eta orain arte hiru elepe (Liv til doden, Under Alt, Aben Cirkel) eta disko labur bat (Lys) argitaratu ditu. Gainera, Japonian, Finlandian edo Kuban areto eta jaialdi handi eta txikietan kontzertuak eman dituzte Estatu osoan eta nazioartean.