Haatik dantza konpainiaren azken lana Donostian

Bosgarren lana plazaratu zuen Haatik dantza konpainiak iragan martxoaren 8an Donostiako Gazteszenan. OTS izeneko ikuskizunarekin Herri Gogoa diskoetxeak islatutako mugimendu berritzailea dakar gogora.

Hain zuzen, euskal kultura biziberritzeko asmoarekin jaio zen herri ekimenez frankismo garaian lehen euskal zigilu diskografiko hura. Euskal musika eta dantza mugimendu garaikideekin nahasiz sortu dute proposamen berritzailea konpainiako kideek, Jone San Martin dantzari eta sortzaile ezagunaren laguntzarekin eta Aiert Beobideren eta Iurre Aranbururen zuzendaritzapean. 

Euskal kantagintza berria grabatzeko sortu zuten Herri Gogoa diskoetxea 1967. urtean zenbait euskal kultur sustatzailek ehundik gora herritarren diru babesari esker. Ia hamabost urtetan zeharestilo eta mota guztietako berrehun lanetik gora kaleratu zituzten, euskal mugimendu kultural abangoardistaren ikur bihurtzeraino. Zigiluak, ordea, ez zuen inoiz argitaratzeko baimenik lortu eta zentsurari iskin egiteko hainbat trikimailu erabili behar izan zituzten, tartean, Ots izeneko bigarren marka bat sortzea. Hark eman dio izena Haatiken azken lanari.

Herri Gogoaren sustatzaile nagusietako bi Iñaki Beobide eta Axen Egaña izan ziren, hain justu ere, Aiert Beobideren gurasoak. Preseski, egun Iurre Aranbururekin batera zuzentzen duen euskal dantza konpainia garaikideak orduko ekimenaren izpirituari jarraitzen diola esan daiteke: musika eta dantza tradizionala garaikidearekin nahastea esperimentazioaren bidez.

Ikuskizunean Herri Gogoaren katalogo zabala ekarri dute oholtzara Haatiken sei dantzariek soinu-espazio benetan berezi batek lagunduta. Diskoetxeak egindako lana balioan jarri nahi izan dute, eta garai batean Herri Gogoa ekimeneko kideek egin bezala, “euskal kulturaren garaikidetasuna” aldarrikatu. 

Musikak, ezinbestean, pisu handia du obran, eta haren bidez ikuslearen bizipenak piztea lortzen dute. “Atzera begirada oso interesgarria da, ikusi duen jende askok esan digu barrutik abesten egon zela eta emozionatu egin zela, barrura bidaia oso berezia da”, zehaztu du Aiert Beobidek. “Ia ezinezkoa da publikoa nolabait ez uki-tzea”, gaineratu du Iurre Aranburuk. Izan ere, obran zehar entzuten diren kantuek zentsurari egin behar izan zioten aurre, eta balore sentimental handia dute pertsona askorentzako.

Proposamen arriskatua izanagatik, estreinaldian publikoak oso ondo hartu zuela aipatu dute zuzendariek. Ezohiko dramaturgiaren bidez ikusleak ohituta ez dauden lekuetara eramaten ahalegintzen dira, ezustean harrapatzeko. Mugimenduaren eta soinuaren bidez une oso bereziak sortzen dituzte ikuskizunean, eta ikusleek konektatzen dute oholtza gainean gertatzen denarekin.

“Jendeari gertukoa iruditu zaio eta erraz ikusten dela esan digu”, bildu du Beobidek. Gainera, martxoaren 8ko estreinaldiak obra are hunkigarriagoa bihurtu zuen pasarte bat agertu du Aranburuk: “Bukaeran Aiertek amari omenaldi bat egin zion. Publikoa zutitu egin zen eta oso hunkigarria izan zen”.

Zuzeneko konposizioa

Ikuskizun honekin konpainiaren sortzeko moduan “pausu bat aurrera” eman dutela aipatu du Beobidek. Obra sor-tzeko gogoa iazko urtarrilean piztu zitzaien, Iñaki Beobideren heriotzaren ondotik. Berehala osatu zuten lantaldea eta ekainerako San Martinekin hasi ziren lanean.

Lau egonalditan sortu dute pieza osoa, taldean eta etengabeko esperimentazioaren bidez. Jone San Martin dan-tzari eta sortzaileak gidatu ditu dan-tzariak, Manu Gaignek sortu du soinu-espazioa, Ikerne Giménezek eszenografia, Ramón Garcíak jantziak eta Arantza Herediak argiztapen diseinua.

Den denak izan dira sortze prozesuaren parte, esperimentazioaren eta inprobisazioaren bidez. San Martinen lan egiteko modu berri-tzaileari jarraiki, atzetik aurrera osatu dute konposizioa: lehenik koreografiak eta musika gero. Dantzarietan ikusten zuen “musikaltasunaren arabera” eta “eszena bakoitzak hartzen zuen tankeraren arabera” koreografiaren gainean soinuak sartzen joan da Gaigne. Giménezek diseinatutako eszenografia “ikusgarria” ere baliatzen du soinu espazio bitxia sortzeko, taula gainean hainbat megafono baitaude.

Nolanahi ere, Beobidek azpimarratu du soinu banda ez dagoela guztiz itxita, pieza guztia inprobisaziora eta zuzeneko konposiziora lotuta baitago. “Ez dago ezer guztiz ezarrita, ez dantza, ez soinua, ez argiztapena ez ezer”, azpimarratu du. “Batzuetan, musikari gehiegi lotu nahi izateagatik mugimendu batzuk esen-tzia galtzen dute, baina hemen lehen gauza mugimendua da eta beste guztia kapaz kapa doa batzen. Horrela, gertatu behar duen gauza bakoitzak gertatzeko aukera dauka”.

Dantzariek mugimenduak inprobisatzeko askatasuna dute zuzenekoan, eta horregatik garrantzi-tsua da lantalde osoa emanaldian zehar adi-adi egotea. Beobidek aitortu du hasieran arrotza egin zitzaiela San Martinen lan egiteko modua, baina berehala ohitu ziren eta oso pozik daude bidean ikasitakoarekin: “Zorionez, inprobisazio horrek egingo du azken emanaldia desberdina izatea, bizitza propioa duelako eta barneko gauzak aldatzen joango direlako”.