Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ditu argitalpenen edizioa finantzatzeko dirulaguntzen bi deialdi, 180.000 eurokoak. Irabazi-asmorik gabeko erakundeek eta argitaletxeek eta profesionalek apirilaren 9ra arte eskatu ahal izango dute dirulaguntza.
Liburuak argitaratzen dituzten enpresa editorialek eta profesionalek 125.000 euroko aurrekontua duen laguntza eskatu ahal izango dute, euskarri tradizionalean (paperean) edo elektronikoan dauden kultura arloko argitalpenak finantzatzeko. Lanek originalak eta argitaragabeak izan behar dute, eta faksimileak, euskarara edo gaztelaniara egindako lehen itzulpenak edo agortutako jatorrizko liburuen berrinprimatzeak izan daitezke. Argitalpen horiek guztiak genero hauetakoak izan daitezke: eleberria, ipuinak, poesia, antzerkia, haur eta gazteentzako literatura, komikia, saiakera eta humanitateak. Enpresa bakoitzak gehienez lau argitalpenetarako eskatu ahal izango du dirulaguntza.
Eskabideak, modu telematikoan
Irabazi-asmorik gabeko erakundeei zuzendutako 55.000 euroko deialdiaren helburua da liburu edo aldizkarien eta argitalpen diskografikoen argitalpena bultzatzea, baldin eta argitalpen horien edukiak artistikoak, kulturalak edo zientifikoak badira eta lan originalak eta argitaragabeak badira, gaztelaniaz edo euskaraz, 2024ko azaroaren 25etik 2025eko azaroaren 24ra bitartean.
Argitaletxeek eta profesionalek modu telematikoan aurkeztu ahal izango dute eskabidea, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez edo aurrez aurre, Kultura, Kirol eta Turismo Saileko erregistro-bulegoan. Irabazi-asmorik gabeko erakundeen kasuan, modu telematikoan baino ezingo da aurkeztu. Bi kasuetan epea apirilaren 9an amaituko da.