Euskadi, kultura-ekitaldi errekorra 2024an

Euskadik 20.600 kultura-ekitaldi inguru egin zituen 2024an, 2023an baino % 12 gehiago, eta 2022an baino % 27,3 gehiago. Horietatik, ugarienak kontzertuak eta antzezlanak izan ziren. Ekitaldien % 44,8 Bizkaian egin dira, % 40,1 Gipuzkoan eta % 15,1 Araban.

Hala islatzen da Kulturaren Euskal Behatokiak egindako azterlan batean. Azterlan hori Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurkeztu du gaur, asteartea, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Ibone Bengoetxeak azpimarratu duenez, “Sailak oso positiboki baloratzen dituen zifrak dira, Euskadin talentu sortzaile izugarria dugula, sorkuntza horiek eskaintzen dituzten egiturak ditugula eta kulturan parte hartzen eta gozatzen duen gizartea dugula erakusten dutenak”.

Gainera, azterlanaren arabera, Euskadi da kultura-programazio baloratuena duen hirugarren autonomia-erkidegoa, Madrilen eta Kataluniaren atzetik.

Ordainpeko kontzertuen batez besteko prezioa 15,8 eurokoa izan zen eta Bizkaian programatu ziren gehien ( % 45), ondoren Gipuzkoan ( % 40,4) eta azkenik Araban ( % 14,6). Euskara izan da hizkuntza erabiliena EAEko 2024ko musika-emanaldietan, % 26,0ko euskarazko kontzertuekin, gaztelaniazko kontzertuen ( % 19,8) eta hizkuntzarik gabeko musika-emanaldien ( % 17,8) aurretik.

Era berean, kontzertu eleanitzak % 17 izan dira, ingelesezko kontzertuen aurretik ( % 10,9).

Musika garaikideko musika-emanaldiek izan dute presentzia handiena kontzertuen agendan 2024an, guztien % 77,7rekin.

Musika klasikoa kontzertu guztien % 7,9 izan da, eta musika espirituala, berriz, % 7,7. Kontzertuen % 3,8 euskal musika herrikoia eta tradizionala izan dira, eta munduko musikak, berriz, % 2,7.

Antzerkia: 4.400 emanaldi baino gehiago

Antzerkiari dagokionez, 2024an 4.400 emanaldi baino gehiago programatu ziren, eta ekitaldi bakoitzeko batez besteko prezioa 15 eurokoa izan zen. Hizkuntzari dagokionez, % 44,2 gaztelaniaz izan ziren eta % 40 euskaraz.

Halaber, 903 dantza-emanaldi izan ziren, ikuskizunen batez besteko prezioa 14 eurokoa izanik, eta dantza garaikidea izan zen Euskadiko agertokietan presentzia handiena izan zuen generoa, emanaldi guztien % 64,7rekin; dantza tradizionala, berriz, emanaldien % 24,6 izan zen.

Kulturaren Euskal Behatokiaren txostenak ere jasotzen ditu 1.266 erakusketa 2024an Euskadin eta 1.062 bertso ekitaldi.

1.700 milioi euro eta 28.500 lanpostu

Kultura-jarduerek 1.700 milioi euro inguru sortzen dituzte, EAEko BPGaren % 2. Eta enpleguari dagokionez, lanaldi osoko 28.500 lanpostu baliokide inguru direla jakinarazi du lehendakariorde eta Kultura sailburuak. Datu horiek 2022koak dira, eta Eustatek berriki argitaratu ditu Kulturaren Euskal Behatokiarekin lankidetzan egindako txosten batean.
Laguntzen deialdiak

Baina 2024an kultura-jarduerak ugaritu badira, aurtengo laguntza-deialdiek ere gora egin dute. “Eusko Jaurlaritzatik kultur sistema indartzea dagokigu, eta hori gertatzeko gakoetako bat sortzaile eta artisten kolektiboari balioa ematea eta laguntzea da, eta kultur eskaintzaz arduratzen diren egiturak indartzea”, esan du Ibone Bengoetxeak.

Sailburuak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak 28 milioi euro bideratuko dituela aurten Euskadiko kultura-jarduera sustatzera, 2024an % 4,6 gehiago.

Laguntzen deialdien bidez, literatura, arte eszenikoak, musika, arte plastiko eta bisualak, ikus-entzunezkoen sektorea eta jaialdien, antzerki-emanaldien eta berrikuntza-proiektuen antolatzaileak diren 730 eragile baino gehiagorengana iritsi nahi da. “Sektoreez haratago, finantzaketa hori pertsonei ere zuzenduta dago, beren proiektuak sortzen, garatzen, prestatzen, ekoizten, beren lana sustatzen, banatzen edo zabaltzen laguntzeko”, adierazi du Bengoetxeak.

“Aurreko urtean baino 1,2 milioi gehiago dira. Horrek esan nahi du % 4,6ko igoera izan dela aurreko urtearekin alderatuta. Gainera, deialdien erdiak apirilerako eta gehienak aurtengo uztailerako ebatzita egoteko konpromisoa hartzen dugu. Horrek esan nahi du 730 inguru diren pertsona eta erakunde onuradun gehienek lehenengo seihilekoan jakingo dutela zein aurrekontu duten planak aurrera eramateko “, adierazi zuen Ibone Bengoetxeak.