Udane Juaristi Udatxo artista azkoitiarrak mural bat margotuko du Urretxuko Pagoeta auzoan, Aspaceko eguneko zentro berriaren ondoko horman. Juaristik datorren astean ekingo dio lanari. Azkoitiarrak muralak margotu ditu Estatuko hainbat hiritan.
Urretxun zerbitzu ugari hartzen dituen gune batean egingo du: Pagoeta zentro soziokulturala, Urretxu-Zumarraga ikastola, emakumearen etxea eta udal igerilekuak. Hemendik gutxira Aspaceko eguneko zentro berria eta adinekoentzako apartamentuak inauguratuko dira eta Udalak Aldiribi kiroldegia eraikitzeko asmoa du.
Juaristik bere muralean islatuko ditu jarduera, aberastasun eta aniztasun horiek guztiak: belaunaldien arteko elkarbizitza, herritarren parte-hartzea, tradizioen eta kultura-adierazpen berrien arteko fusioa… Udalak Juaristiri enkargatu dio lan hau, hiriko eta eguneroko eszenak jasotzeko duen gaitasunagatik, espazio publikoei kolorea eta bizitza emanez.