Bob Dylan Loraldia Festibalean izango da

Bob Dylan Gurea da Loraldia Festibalak bultzatutako ikuskizunaren izena, “XX. mendeko herri musikaren abeslari eraginkorrenari” omenaldia egiteko. Kontzertu berezi honetan, Audience eta Belharra talde ospetsuek Forever Youngen egilearen lana euskaraz errepasatuko dute martxoaren 27an, 19:30ean, Bilboko Campos Antzokiko Kupula aretoan. Sarrerak salgai 14 eurotan.

“Aukera bikaina da Dylanen musika euskaraz entzuteko”, azaldu dute Audience eta Belharra taldeak deitu dituen jaialditik: Estatu Batuetako soinuen eragin argia duten bi talde euskaldun, rocketik folkera, countrya eta bluesa, Dylanen klasikoetako batzuk errepasatzeko gitarra, mandolina eta banjoen soinuen artean.

Kontzertua, izaera “bakarrekoa”, Gernikako Audience taldeak eta Belharrako musikariek (antzinako Howdy Bluegrass, Bilbo, Donostia eta Hendaiako musikariek osatutako bluegrass soinu taldea) protagonizatuko dute: Jon Arzelus (kontrabaxua), Urbil Artola (dobroa eta ahotsak), Jose Mari Pulido (banjoa), Dani Venegas (gitarra akustikoa), Julen Maestro (akordeoi diatonikoa eta ahotsak), eta Gorka Arranz (mandolina eta ahots nagusia).