BilbaoEszenak antzerki ikastaroetan izena emateko epea irekita dago jada

Izena emateko epea irailaren 30ean amaituko da.

UNAI GANDAIRAS /2020-09-14/ BilbaoEszena Bilboko Udaleko Baliabide Eszenikoen Zentroak antzerki lantegiak antolatuko ditu berriro hasi berri den ikasturtean, eta parte hartu nahi duten haur, gazte eta helduek, astelehen honetatik irailaren 30era dute izena emateko epea, www.bilbao.eus webgunearen bidez.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, urritik aurrera egingo diren lantegiak ‘Antzerkia’ eta ‘Prestakuntza eta sormen eszenikoa’ izango dira, eta adin guztietako pertsonei zuzenduta egongo dira, euskarazko eta gaztelaniazko taldeetan banatuta.

Helduentzako zein haur eta gazteentzako lantegiek helburu berberak dituzte, eta antzerkian eta eszenaren munduan interesa duen edonorentzat dira. Funtsezko bi eremu landuko dira: aktore lana (energia, erritmoa, adierazpena, koordinazioa, emozioa) eta sorkuntza lana (inprobisazioa, espazioaren deOnizioa edo ideien bilaketa).

Ohikoa denez, eskaerek eskainitako lekuak gainditzen badituzte, aurreinskripzioa egin dutenen artean hautaketa egingo da, irizpide hauen arabera: Bilbon erroldatuta daudenek lehentasuna izango dute eta gizonen eta emakumeen arteko orekari eta euskarazko taldeen prestakuntzari emango zaie lehentasuna. Hautatutako ikasleei telefonoz deituko zaie urriaren 8an, eta une horretan jakinaraziko zaie zer urrats egin behar dituzten matrikulazioa formalizatzeko.

Egungo osasun inguruabarrak kontuan hartuta, eta baimendutako edukierak alda daitezkeela eta eragina izan dezaketela kontuan hartuta, ikastaroak hasierako lekuekin eskainiko dira, baina osasun agintariek hala erabakiz gero, mugitu edota eten ahal izango dira. Hala, bada, Bilboko Udalak eskaintza aldatzeko eskubidea du. Aurrez aurreko lantegiak bertan behera utziz gero, sarean egiten jarraituko da, dirua itzuli gabe.