Elias Querejeta Zine Eskolako hirugarren promozioak 44 ikasle izango ditu

Irakaskuntza duala izango da, aurrez aurreko irakasketak derrigorrezkoak izango direlarik.

UNAI GANDARIAS /2020-09-14/ Elias Querejeta Zine Eskolak 16 herrialdetako 27 emakume eta 17 gizon izango ditugu ikasle 2020-2021 ikasturtean. Irakaskuntza dualeko programa bat prestatu du zine eskolak, ikasle eta irakasleen presentzialtasunera egokituta, eta covid-19aren aurreko prebentzio plana eguneratu du.

Zine Eskolak ongietorri eta harrera ekitaldia eskaini die jada hirugarren promozioko ikasleei. Ikasturte berria 15 hilabete barru amaituko da, 2021eko abenduan, ikasleek eskolan egindako lanen aurkezpenarekin.

Harkaitz Millan Gipuzkoako Aldundiko Kultura diputatuak ekitaldian adierazi duenez, “eskola honetako ikasleen ezaugarrietako bat haien jatorri anitza da. Zehazki, ikasleak 16 herrialdetakoak dira. Ezaugarri horrek bereizten eta balio erantsiz betetzen du”.

“Tabakaleraren eraikinaren bosgarren urteurrena ospatu berri dugu, eta egun gutxi barru Donostiako Zinemaldiaren edizio berria hasiko dugu. Lehen promozioko ikasle batek, Marina Palaciok, lehen Vlma estreinatuko du Zabaltegi-Tabakaleran; beste batek, Jaume Claretek, gauza bera egingo du Donostiako Zinemaldiko Vlm laburren Nest Film Students lehiaketan”, nabarmendu du.

Horrela, Euskadiko Filmategiak, Tabakalerak, Donostia Zinemaldiak eta eskolak berak osatzen duten zuzendaritza akademikoak hautatu ditu ikasle berriak onarpen fasera aurkeztutako 183 hautagaien artetik, eta 27 emakume eta 17 gizon aukeratu ditu.

Nazioarteko ikasleak

Bi bizkaitarrak dira, eta hiru gipuzkoarrak; beste 15 Espainiako Estatutik datoz, eta gainontzeko 24ak beste herrialde batzuetatik: Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia, Kuba, Ekuador, Estatu Batuak, Holanda, Hungaria, Mexiko, Peru, Portugal, Erresuma Batua, Suitza eta Uruguai. Batez besteko adina 30 urte da, gutxi gorabehera.

Donostia Zinemaldiaren 68. edizioa baino lau egun lehenago hasi da ikasturtea, eta bigarren promozioko ikasleek zein promozio berrikoek agenda berezia izango dute jaialdian: proiekzioetara joango dira, eskola magistraletan, Nest Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan eta beste hainbat jardueratan parte hartuko dute, eta Zinemaldia barrutik ezagutzeko aukera izango dute. Zinemaldia amaitutakoan hasiko dira ohiko eskolak, irailaren 28an.

Arduradunek azaldu dutenez, Elias Querejeta Zine Eskolak irakaskuntza dualeko plana prestatu du lehen modulurako, irailaren 14tik azaroaren 8ra bitarte, baina covid-19aren pandemiaren bilakaeraren arabera, eta ikasleen zati bat modu mailakatuan nola txertatzen denaren arabera, agian luzatu egin daiteke.

Irakaskutza presentzialaren aldeko apostua

Irakaskuntza duala ez da presentzialaren ordezko izango, harekin batera gertatzen baita, egoeraren arabera. Eskolak modu ez presentzialean jasotzen ari diren ikasleak ikasturtearen uneren batean eskolara etortzen hasiko dira. Zentzu horretan, ikasleak modu mailakatuan eta pertsonalizatuan txertatzea ere aurreikusten da planean. Programa akademikoa arautzen duen egutegia eta haren inguruabar guztiak etengabe berrikustea eta eguneratzea ere biltzen dira programan.

Bestalde, Elias Querejeta Zine Eskolaren prebentzio plana eguneratu da, eta eskolako komunitateko kide guztiak inplikatzen dituzten protokolo, neurri eta gomendioak bildu ditu. Besteak beste, jarraitu beharreko prebentzioko eta higieneko neurriak arautzen dira dokumentuan, hala nola eskola irekitzeko eta ixteko orduak, garbiketa, edukiera eta eskolako ikasgela, instalazio eta ekipamendu teknikoen erabilera.

Plan horretan, alarma egoera amaitu ondoren eskolara itzultzeko ekainean abiarazi zuen protokoloa eguneratu du zine eskolak, eta dinamikoa da, osasun krisialdiak irauten duen bitartean berrikusi eta eguneratuko baita, osasun agintariek ezarritako jarraibideei jarraikiz.