17+1. GJH: Euskararen alde

2030 AGENDAK 17 HELBURU ETA JOMUGA DITU. HALA ERE, HORI LORTZEKO EGITEN DIREN 169 ERRONKEN ARTEAN, APENAS AIPATZEN DIRA GIZABANAKO ETA TALDE ETNOLINGUISTIKOEN EZAUGARRI KULTURAL ETA LINGUISTIKOAK. KULTURA ZEHARKA AIPATZEN DA, ETA HIZKUNTZAK EZ DIRA AIPATU ERE EGITEN

Agenda, beraz, amaitu gabe geratu da, kultur eta hizkuntza aniztasuna aipatzen ez delako, eta hori funtsezko zutabea da kontuan hartzen badugu hizkuntzak helburu guzti-guztiak betetzen dituela, eta are gehiago gurea bezalako hizkuntza gutxituei buruz ari garenean, hots, euskarari buruz.
17+1., edo 18. helburuak hizkuntza gutxituak zaintzeari eta hedatzeari buruz hitz egiten du, eta haur guztiek beren hizkuntza hegemonikoak ikas ditzaten sustatzen du, beren ama hizkuntzan prestatzeko eta harremanak izateko aukera berdinak izan ditzaten. Funtsezkoa da haurtzaroan hizkuntza bat ikastea, norberarena sentitzea eta eremu guztietan naturaltasunez mintzatzea, hizkuntza horrek bizirik jarrai dezan eta belaunaldi bakoitzarekin zabal dadin. Hori izango da kalitatezko hezkuntza lortzeko bidea: munduari bere nortasun propiotik begiratzen diona, baina gizarte global interkonektatu batean integratzen dena eta bere tresnak erabiltzen dituena,kasu honetan gure hizkuntza komunikatzeko.

Euskal Herrian dugun esperientzian oinarrituta, sentsibilizazio berezia dugu, eta nabarmena zaigu munduan dauden komunitateak garatzeko hizkuntza eta kultura desberdinak erabiltzeak eta ikasteak duen garrantzia.
Horregatik uste dugu agerian utzi behar dugula gizakiaren eta haren hizkuntzen arteko lotura eta elementu horiek maila guztietako komunitateen garapen integralean duten garrantzia.


EUSKARA INDARTZEA
helburu berri hori Euskadi Basque Country 2030 Agendan sartu da, Eusko Jaurlaritzaren Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren ekimenez. GJH berri honen bidez jorratzen diren alderdien artean, hizkuntza gutxituak dituzten komunitateak ahalduntzearekin eta ikusaraztearekin lotutako ekimenak daude, gure kasuan euskararekin gertatzen den bezala. Txertatze berri hori hainbat helbururekin definituta dago:
• Identitate desberdinak indartzea: legedi egokia eta estrategia politiko eraginkorrak sustatzea, herri eta kulturak kontuan hartuta.
• Hezkuntza-sistemetan hizkuntza guztien presentzia bermatzea: hezkuntza-eredu bi-eleaniztunak bultzatuz, gutxienez lehen eta bigarren hezkuntzan.
• Eten digitala murriztea, hizkuntza guztietan: bereziki hizkuntza gutxituetan, teknologia berrietarako sarbidea bermatuz.
• Zerbitzu publikoak berezko hizkuntzetan ematea bultzatzea.
• Hirugarren herrialdeekiko proiektuak: aurkeztutako proiektu berrien fase guztietan
lurralde horretan hitz egiten diren hizkuntza guztien irizpidea kontuan hartzea.

Zer da hizkuntza gutxitu bat?

Hizkuntza gutxitua, eremu urriko hizkuntza, hizkuntza minorizatua, hizkuntza minoritarioa, hizkuntza txikitua edo hizkuntza txikia, hainbat arrazoi eta mekanismo ondorioz, batzuetan soziolinguistikoak, baina orobat politikoak beste kasu batzuetan, beste hizkuntza nagusi eta menderatzaileen aldean bazterreratzen joan den hizkuntza da, horren espazio geografikoa txikituz eta erabilera-eremuak murriztuz. Beraz, hizkuntza nagusiarekiko duten hizkuntza-mendekotasuna dela-eta, hizkuntza gutxituak diglosia egoeretan atzematen dira bereziki. Beraz, diglosia egoera horretatik, hizkuntza gutxituarena fenomeno historikoa da, perspektiba historiko batetik aztertu beharrekoa, kondizio politiko, sozial eta ekonomikoen ondorioa.