Euskal haur eta gazte literaturaren altxorretan murgiltzeko helburuarekin sortu da Gonagorri podcasta. Bertan, literaturaren eta ilustrazioaren inguruko elkarrizketak aurki daitezke, euskal kulturaren ikuspegi berriak eskainiz.
Gonagorri podcasta Galtzagorri Elkartearen ekimena da, eta helburu argia du: haur eta gazte literaturari buruzko eztabaida, hausnarketa eta ezagutza sustatzea. Podcast honen bidez, idazle eta ilustratzaile entzutetsuen sormen prozesuak eta ikuspegiak ezagutzeko aukera dago, euskal literaturaren oinarrietan sakonduz. Saio monografikoak dira; hilabetero gai bat jorratzen da elkarrizketa sakon baten bidez, eta, solasaldiaz gain, liburu gomendio bat eta kontaketa bat baditu podcastak. Solasaldiak oso anitzak dira, euskarazko jakintza sortzen ari diren eta sortu duten sortzaileekin, pentsalariekin edo hezitzaileekin. Eta nor izango ditu entzule? Gazteak eta haiekin lanean ari diren bitartekariak ditu jomugan.
