“Egiten ari zarenaz seguru sentitzea da garrantzitsuena”

Euskal artistak bere bigarren albuma aurkezten du. Ia urtebete geldirik egon ondoren, urrian itzuli zen Kai Nakai euskal abeslaria, aro berri baten hasiera markatzen duten bi singlerekin: Gaupasa eta Metxa, biak YouTuben eskuragarri dauden bideoklipekin batera.

Nola sortu zen Kai Nakai izena?

    Asko kostatu zitzaigun Kai Nakairen izen artistikoa aurkitzea. Bakarra eta originala zen zerbait bilatu nahi genuen. Horregatik aukeratu genuen nire lekuari erreferentzia egiten dion izen bat: “Kai”, izen euskalduna, eta “Nakai”, indonesiar “Nakal” izenetik datorrena, “bihurria” esan nahi duena, osotara, “Kai Nakai”.

    Denbora gutxi daramazu musikaren munduan; zer ikasi duzu denbora honetan? Mundu hau uste zenuen bezalakoa da, edo gogorragoa?

    Lau urte daramatzat musikaren munduan, eta asko ikasi dudala uste dut. Aurreko esperientziarik gabe hasi nintzen, oso modu inozentean, eta bai, mundu hau uste nuen baino gogorragoa da. Gauzak ez datoz bakarrik, eta lan handia dago horren guztiaren atzean. Atzera begiratzen dut, eta oso harro nago egin ditugun gauza guztiez, baina, beste batzuetan, sentitzen dut ez dela nahikoa, eta emozionalki gorabehera bat da. Beraz, saiatzen naiz poliki-poliki hartzen eta nire esku dauden gauzak egiten.

    Zure lehen diskoa apur bat aldarrikatzailea izan zela esan dezakegu; euskarazko reggaetoia aldarrikatu zenuen. Zerbait gehiago aldarrikatu nahi duzu disko berri honetan?

    Baimenik Gabe (2020) atera nuenean, ez zegoen reggaetoirik euskaraz, zerbait berritzailea izan zen, batzuek ideia besarkatu zuten eta beste askok gorrotatu. Pertsonalki indar handia eman zidan, eta urte horretatik aurrera euskaraz genero ezberdin asko atera direla uste dut eta orain zer entzun erabakitzeko aukera dugu.

    Harrezkero, ordea, etiketa hori izan dut: “Reggaetoia euskaraz eta feminista”. Nire ustez, lau urte eta gero, etiketa horrek zentzua galdu du. Reggaetoia egiten duten beste talde asko daude, eta esango nuke daukagun euskal musika orokorrean feminista dela. Gainera, lau urteren ondoren, musika estilo berriak probatuz  aurrera egin dudala uste dut.

    Azalpenak emateaz pixka bat nekatu naiz, eta ez dugu zertan musika sortu zerbait aldarrikatzeko.

    Nire kasuan, musika sortzen hasi nintzen disfrutatzen nuelako, ondo pasatzeko, eta berriz horrekin konektatu nahi nuelako. Beraz, album hau, “GAUPASA” (2024), horretarako da, gozatzeko, dantzatzeko, lagunekin ospatzeko…

    Artista bakoitzak bere izaeraren bitartez transmititzen ditu bere balioak, eta, nire kasuan, emakume feminista, aktibista eta errespetuaren eta ongizatearen balioak bermatzen ditudala uste dut, eta hori musikan doa inplizituki.

    Reggaetoia egiten hasi zinen, baina orain musika elektronikoagoa egiten ari zara. Reggaetoia alde batera utziko duzu edo disko berrian bi generoak entzun ahal izango ditugu?

    GAUPASA albuma kolaborazio album bat da, eleaniztuna eta genero ezberdinetakoa. Albina Stardust, Esti Markez, Akaleia eta Iris Penche bezalako euskal artistekin, Valentziako Maluks eta JazzWoman artistekin, Kataluniako Sara Roy artistarekin eta Kolonbiako Manuva artistarekin kolaboratu ahal izan dut. Hortaz, abestietan, euskara, valentziera, katalana eta gaztelania entzungo ditugu, pop, elektronika, house, reggaetoi, balada, batxata eta guaratxa bezalako generoetan.

    Bi urte eman dituzu disko honetan lanean; zein izan da ibilbidea?

    Bi urte hauetan, aurretik egindako ibilbideaz hausnartzen aritu gara, eta ikasitakoarekin batera aurrerapauso bat egin dugu. Album berri honetarako, arriskatu nahi izan dugu eta estilo berriekin probatu. Generoaren ikuspegitik, pop-elektronika soinuak presenteago daude, eta reggaetoia, batxata eta guaratxa bezalako estilo latinoak edo r&b-a ere sartu ditugu. Bestalde, bidean kolaborazio-album bat egiteko gogoa piztu zitzaidan, eta, hainbat proposamen egin eta gero, Euskal Herriko zein nazioarteko 8 emakume artistarekin kolaboratzeko aukera izan dut. Albuma prest genuela, ikus-entzunezkoen aldetik zerbait potentea egin nahi izan genuen, eta abesti bakoitzerako bideoklip bat grabatu genuen, urte berri honetan zehar ikusi ahal izango direnak. Prozesu horrek gozatzeko eta sufritzeko momentu asko eman dizkit, eta GAUPASAren kontzeptua etorri zitzaidan burura. Izan ere, gehienetan lagunekin parrandan zauden bitartean gaupasa batek ondo pasatzeko momentuak eman ahal dizkizulako, baina gaupasa batek sufritzeko momentuak ere eman diezazkizuke, etxean, ohean, lorik egin ezinik, buruari bueltak emanez… Horregatik erabaki nuen albumari horrela deitzea.

    Zure kontzertuetan, abestu ez ezik, dantzatu ere egiten duzu; zein da zure eguneroko errutina, gero eszenatokian dantzatu eta abestu ahal izateko?

    Nik ez dut nire burua dantzaritzat hartzen, baina prestatu dugun showerako dantza ezinbestekoa da; beraz, ahal dudana egiten saiatzen naiz. Dantzariekin batera asko entseatzen dugu, eta haiek asko irakasten didate. Nire ustez, jarrera ona izatea eta egiten ari zarenaz seguru sentitzea da garrantzitsuena. Horretarako, esandakoa, dantzariekin entseguak egiten ditut, eta, gero, nire kabuz ere praktikatzen dut; horrek asko laguntzen dit oholtza gainean seguru sentitzen eta kontzertuez gehiago disfrutatzen.

    Benidorm Festera aurkeztea gustatuko litzaizukeela ikusi dugu; nola sortu zen ideia?

    Duela urte batzuetatik, Benidorm Festek, gaztelania ez ezik, beste hizkuntza batzuk ere onartu ditu jaialdian, galiziera, katalana… baina euskara oraindik ez, eta niretzat ohorea izango litzateke horrelako jaialdi batean euskaraz lehenengo aldiz abestea. Bestalde, artista moduan, izugarria izango litzateke hainbeste pertsonaren aurrean abestea eta nire musika zabaltzea. Amets txiki bat da, eta ez dut oso ideia zorotzat hartzen; datorren urtean berriro parte hartuko dugu, ea lortzen dugun!

    Zein da zure ametsetako kolaborazioa?

    Guau! Ametsetakoa bada, Emilia esango nuke. Nire artista gustukoena da; egiten duen guztia gustatzen zait, eta nire erreferentea da arlo guztietan. Izugarria litzateke!

    Eta Iratxeren ametsa?

    Oraintxe bertan, GAUPASA albuma prestatzen egin dugun lan guztia kontuan hartuta, nire ametsa dena ondo joatea da, harrera ona izatea, entzule eta fan berriak izatea eta bira honetan kontzertu asko ematea. Lan honen guztiaren emaitzak ikusteko eta benetan onak izateko desiratzen nago. Ahal izan dudan guztia eman dut.