Aitziber Garmendia, Nerea Ibarzabal, Garazi Etxaburu eta Olatz Gorrotxategi, Sormen Ola programan

Loraldiak Sormen Ola programa antolatu du berriro ere 16 eta 29 urte bitarteko gazteen artean euskal kulturaren transmisioa eta sorkuntza sustatzeko. Hirugarren edizio honetan Euskal Herriko Unibertsitatea izango du bidelagun, eta Garazi Etxaburu, Olatz Gorrotxategi, Aitziber Garmendia eta Nerea Ibarzabal sortzaile erreferenteak izango dira tailerrak eskaintzearen arduradunak.

Zehazki, Etxaburuk dantza tradizionalaren berrinterpretazio garaikidea lantzeko tailerra eskainiko du urtarrilaren 25ean; Gorrotxategi dokumentuetan oinarritutako sormen eszenikora hurbilduko da, antzerkigilearen ikuspegi pertsonaletik abiatuta, otsailaren 22an; Garmendiak drama eta umorea uztartuz, norbere gabeziak inspirazio iturri bihurtzeko tailerra emango du, martxoaren 22an, eta Ibarzabalek bertsolaritza eta literatura uztartuz, inprobisazioa eta sormen kolektiboa lantzeko gunea erakutsiko die parte-hartzaileei, apirilaren 5ean.

about:blank

Ikus daitekeenez, beraz, tailerrak hilean behin ospatuko dira (urtarrila eta apirila bitarteko larunbatetan, 9.30etik 15.00etara), EHUko Bizkaia Aretoan. Eta, antolatzaileek nabarmendu dutenaren arabera, ikasle kopurua mugatua izango da (25 pertsona). Hori dela eta, «izena lehenbailehen ematea» gomendatzen dute. Matrikularen prezioa 20 eurokoa da (BEZa barne).

Gazteak profesionalizatzen

Antolatzaileek gogorarazi nahi izan dutenez, «Loraldiaren Gaztea lan lerroak gazte-sormena sustatzea du helburu, bai gazteei profesionalizatzeko bidean laguntzea, formazioa eta plaza eskainiz, eta bai sortzaile gazteei plaza eskainiz. Programa ezberdinak burutzen ditu urtean zehar eta horietako bat da Sormen Ola, hain zuzen ere. Sormen Olaren helburuak euskal kulturaren transmisioa gazteen artean zabaltzea, gazte kultur zaleak sustatzea, gazteak kultur profesional erreferenteekin harremanetan jartzea eta sormena eta irudimena bultzatzea dira».

Iturria. El correo