Adiskideak, on egiten digun jendea, inguruan izatea baliotsua da, osasun emozional eta fisikorako. Hainbat ikerketak frogatu dute lagun-sare egonkor bat izateak bizi-itxaropena handitzen duela. PLOS Medicine-n argitaratutako ikerketa batean 300.000 pertsona aztertu zituzten eta ondorioztatu dutenez, lotura sozial indartsuak dituztenek %50eko probabilitate handiagoa dute denbora gehiagoz bizitzeko. Eta halakorik ez izatea, berriz, osasunaren kaltean izan daiteke.
Harreman esanguratsuak izateak kortisol maila jaisten du, estresaren hormona, eta gaitz kronikoei aurre egiteko gaitasuna hobetzen du. Endorfina ekoizpena ere handitzen du, ondo sentiarazten gaituena, eta memoria eta erabakimenarekin loturiko garuneko guneak ere estimulatzen ditu.
Robin Dunbar psikologo eta antropologoak ere 2021ean kaleratutako Friends: Understanding the Power of our Most Important Relationships liburuan adiskidetasunak gure ongizatean duen eraginaz idatzi zuen.
Beste liburu bat ere argitaratu zuen Dunbarrek, How Many Friends Does One Person Need? izenekoa, hau da, pertsona batek zenbat lagun behar ote dituen. Berak 150 lagunera mugatu zuen adiskidetasunerako dugun gaitasuna, ez baita adiskidetasun-harremanak sortzea bakarrik, baita mantentzea ere.
Adiskidetasuna tipula baten modura irudikatzen du, hainbat geruzaz osatua. Erdigunean bost pertsonaz osaturiko ingurune intimoa legoke, kristi existentzial garaietarako babeslekua. Familiakoak, lagun-minak edo bikotekidea izan daitezke horko parte. Nahiko egonkorra izan ohi da, nahiz eta aldaketak ematen diren, esaterako laguna beste norabait bizitzera joan delako edo bikotekidearekin harremana eten duzulako. Normalean hutsune horiek hurrengo geruzaren parte diren horiekin betetzen da. Hurrengo geruza horretan leudeke jarduera sozialetan lagun ditugunak, hamar bat lagunez osatua. Haiekin joaten gara antzerkira, afaltzera edo mendira. Hurrengo geruzan berrogeita hamar bat lagun daude, festa handi batera edo barbakoara gonbidatuko zenukeen jendea. Eta zein faltako lirateke 150era iristeko? Bada, festa jendetsu batera, ezkontzara esaterako, gonbidatuko zenituzkeenak, edo kalean ikusi eta agurtuko zenituzkeenak.
Kontua da lotura horiek, gertukoenak bereziki, mantentzeak denbora eta ahalegina eskatzen duela. Gainerakoan, ahuldu egiten dira harremanak, kanpoaldeko geruzetara igarotzen dira pertsona horiek, eta denborarekin zirkulutik kanpora gera daitezke. Lagun berriak egiteak beste batzuk kanpoan uztea ekar lezake halabeharrez, dugun denbora eta gaitasuna mugatua baita. Hain zuzen ere, 25 urtetik aurrera adiskideen sarea murrizten joaten omen da, kanpoko geruzak galtzen eta barruko geruzetan biltzen. Adinarekin lotuta, ikerketa honen arabera, adiskidetasunak zoriontasunerako duen garrantzia handitu egiten da adinean aurrera egin ahala.
Beraz, ikerketa eta aditu hauek diotenez, erretzeari uztearekin batera, zure osasunaren alde egin dezakezun gauzarik onena lagun-sare ona izatea da. Segi dezagun ba adiskidetasun sareak josten!
Iturria: Gaztezulo