GARUNA DA GURE SEXU-ORGANORIK HANDIENA ETA GURE PLAZERAREN BENETAKO MOTORRA. ARAZOA DA, ASKOTAN, BURMUINA GEHIEGI ESTIMULATUTA DAGOELA EDO, EGUNEROKO KONTUEKIN HAIN LANPETUTA DAGOENEZ, GURE IRUDITERIA EROTIKOA ETA SEXUALITATEA BIGARREN MAILA BATEAN GERATZEN DIRELA
Bikote-bizitza maitasunez, laguntzaz eta laguntasunez betetako esperientzia zoragarria izan daiteke. Hala ere, eguneroko bizitzako eskaerek ere eragina izan dezakete, izan ere, lanak, ikasketak, familia-ardurek eta etxeko zereginek, sarri, intimitate- eta pasio-uneak itxuragabetzen dituzte, askotan, desagertu arte. Errutina horren erdian, ohikoa da bikoteek hasiera batean elkartu zituen txinparta bizirik mantentzeko erronkari aurre egitea.
Erotismoa ez da aldi berezietarako edo harremanaren lehen hilabeteetarako gordetako zerbait, baizik eta eguneroko bizitzan txerta daitekeen eta txertatu behar den funtsezko dimentsioa. Bikoteek pasioa eta intimitatea etengabe elikatzen ikasten dutenean, haien lotura fisikoa ez ezik, lotura emozionala ere indartzen dute. Horrek, harremanaren kalitatea hobetzeaz gain, bi kideen ongizate orokorrari ere laguntzen dio.
Egunerokotasuna erotizatzeak ez du esan nahi une bakoitza sexu-ekintza bihurtu behar denik, ezta etengabe egoera grinatsuak bilatu behar direnik ere. Aitzitik, jarrera bat da, bestearekiko eta norberarekiko konpromisoa, erakarpena, konplizitatea eta desioa bizirik mantentzeko. Keinu txikietatik errutinako aldaketetara, egunerokotasuna esperientzia sentsual eta esanguratsuago bihurtzeko modu asko daude.
EGUNEROKO EROSTISMOA
Eguneroko erotismoak ez du keinu handirik edo aparteko unerik behar agertzeko. Izan ere, bere magia sinplean datza, egunean zehar gertatzen diren xehetasun txikietan, “Ikusten zaitut, desiratzen zaitut, baloratzen zaitut” esateko ahalmena dutenetan. Esanahiz betetako begirada biziak, afektua gogorarazten duten hitz samurrak edo espazio bat partekatzen duten bitartean ustekabeko laztan bat, erotismoa eguneroko errutinan nola txerta daitekeen erakusten duten adibideak dira. Ekintza horiek, desioaren txinparta berpizteaz gain, konfiantza, elkarrekiko errespetua eta elkarrekin zerbait esanguratsua eraikitzen ari delako sentsazioa indartzen dute.
Imajinatu zer sor dezakeen gauza sinple batek, eguna “egun on” batekin hasteak, edo/eta musu sakon eta egiazko batekin. Keinu horrek, laburra bada ere, egun osorako tonu positiboa eta maitagarria ezartzeko ahalmena du. Halaber, elkarrizketa batean zehar ikusizko kontaktua izateak –distrakziorik gabe– interesa, arreta eta konexio-nahia jakinarazten ditu, eta esan behar dizuna garrantzitsua dela erakusten dio bikotekideari.
Eguneroko erotismoak harridurara eta sormenera ireki-tzea ere barne hartzen du. Egunean zehar zure bikotekidea zenbat miresten duzun adierazteko ustekabeko mezu batek,egunaren amaieran luzaroko besarkada batek edo barre eta konplizitate uneak partekatzeko asmoak alde handia eragin dezakete. Presentzia-ekintza txiki horiek dira, fisikoki eta emozionalki benetan eskuragarri egotekoak, harreman zirraragarri eta grinatsu baterako oinarri sendoa sortzen dutenak.
Azken finean, eguneroko erotismoa behin eta berriz elkar ezagutzeko gonbidapena da. Gogoan izan behar da pasioa ez dela une handietan bakarrik aurkitzen, baizik eta maitasunaren garra etengabe elikatzen duten keinu txikietan. Harremanaren alderdi hori bizirik mantentzeko denbora eta energia eskaintzeak, bikote-lotura indartzeaz gain, bien bizi-tza emozionala eta espirituala aberasten du. Inoiz ez gutxietsi egunerokotasunaren boterea; normalean eraikitzen dira maitasun istoriorik apartekoenak.
DESIRAKO GIROA SORTZEA
Ingurune egoki batek marka dezake aldea. Ez dago zure
etxea erabat eraldatu beharrik, baina doikuntza batzuek giro sentsualagoa eta erotikoagoa sortzen lagun dezakete. Adibidez:
· Argiztapena: aukeratu argi beroak, hala nola kandelak edo intentsitate-erreguladoreak dituzten lanparak, atmosfera intimoa sortzeko.
· Testurak: gehitu manta leunak, kuxin bigunak, espazioa atsegina eta ukitzean estimulatzailea izan dadin.
· Musika: musika erreprodukzio-zerrenda bat prestatu, konexioa erraztuko duten abesti lasaigarri edo erromantikoekin.
Eguneroko espazioak konplizitate-leku bihurtzea, kandela usaintsu bat piztea edo kandelen argitan afari bat prestatzea bezain erraza izan daiteke.
Aldaketa txiki horiek eragin nabarmena dute momentua hautemateko moduan, eta, ondorioz, bikotekidearekin elkarreragiteko moduan.
Gainera, elementu sentsorialak ere erabil daitezke, hala nola olio esentzialak edo intsentsua, usaimena estimulatzeko eta usain batzuk une atsegingarriekin lotzeko. Era berean, espazio intimoak pertsonaliza ditzakezu bien argazkiekin edo emozio-konexioa indartuko duten oroitzapenekin. Xehetasun horiek lagungarriak dira ingurunea intimitate- eta plazer-babesleku bihur dadin.

Zure fantasia idatziz sortzea
Fantasiak sortzea zaila egiten bazaizu, bestelako jarduera interesgarri bat proposatzen dizugu: kontakizun erotiko bat idaztea. Ez dago zertan idazle bikaina izan; zure irudimena paperera ekartzea besterik ez da. Zehatz-mehatz landu zure istorioa: protagonistak, agertokia, elkarrizketak, usainak eta giroa. Istorio hori behin eta berriro irakurtzeak zure desiorako bultzada berri bat sor dezake.
Erotismoa eguneroko keinuetan
Erotismoak ez du zertan une handietan soilik oinarritu behar; keinu txikietan ere bizi daiteke. Gorputza ukitzea ez da sexu harremanetan soilik gertatu behar. Pentsa masajeak, azala aztertzea edo ukimenarekin loturiko ariketak egitea. Gainera, errutina estetiko edo erlaxatzaile bat erotismoarekin lotzea, hala nola bainu bero bat hartzea kandela eta musika leunarekin, beste modu bat izan daiteke zure egunerokotasunean plazer uneak txertatzeko.
Komunikazioa eta umore erotikoa
Ezinbestekoa da komunikazio irekia sustatzea eta umore erotikoa eguneroko elkarrizketetan modu naturalean txertatzea. Esaldi xalo batek, begirada joko adierazgarri batek edo keinu erakarle eta ustekabeko batek zure harremanean beroa, jolasa eta zirrararen elementua erraz gehi ditzake. Gainera, horrelako ekintzek konplizitatea indartzen dute, eta harremana interesgarriagoa bilakatzeko aukera eskaintzen dute. Txikitasunean dago gakoa: askotan, xehetasun soil batek desira berpiztu dezake.

Fantasiaren indarra
Lehenengo urratsa fantasiak erabiltzea da. Fantasiak gure irudimenean eraiki daitezke modu kontzientean edo inkontzientean, eta “iruditeria erotikoa” izeneko puzzle baten piezak dira. Horiek ez dute soilik gure desirak aktibatzen, baizik eta gure errealitatetik haratago doazen mundu posibleak bizitzeko aukera eskaintzen digute. Fantasiak buruan eraikitzea ohitura bihurtzen baduzu, metroko bidaietan, kirol saioetan edo atseden une txikietan agertoki erakargarriak sortu ditzakezu. “Film labur” horiek estimulua emango diote zure garunari, zure desioak bizirik mantenduz.