LIBE OSA ARZUAGA 1995EAN ZUMAIAN (GIPUZKOA) JAIOTAKO SEXOLOGO ETA
ERIZAIN GAZTEA DA. EMAIZE SEXOLOGIA-ZENTROAREN LANTALDEKO KIDE DA, ETA BESTE PROFESIONAL BATZUEKIN BATERA LAN EGITEN DU SEXU-OSASUNA ETA ONGIZATE EMOZIONALA SUSTATZEKO
Zer rol du komunikazioak sexualitatean eta nola hobetu daiteke bikote batekin?
Hasteko, esango nuke ezinezkoa dela ez komunikatzea. Izan ere, hitzekin, gorputzarekin, keinuekin, isiltasunekin, ahots-tonuarekin… etengabe komunikatzen dugu. Azken finean, komunikazio gabe ezinezkoa izango litzateke harremana.
Hala ere, komunikatzeko garaian zailtasunak agertu daitezke. Ba-tzuetan, gauza garrantzitsuak isiltzen ditugu. Beste batzuetan, ez dira ondo ulertzen transmititu nahi duguna edo nahi digutena eta, ondorioz, gaizki ulertuak egon ohi dira.
Gertatzen zaiguna eta komunikatu nahiko genukeena sentsazio edo pentsamendu bidez dator. Beraz, baliagarria izango litzateke hauen kontzientzia hartzea. Zer ari naiz pentsatzen? Zer ari naiz sentitzen gorputzean? Ondoren, blokeatu gaitzaken emozio nagusia beldurra izan ohi da. Honen atzean zerbaiten gogoa egon ohi da askotan eta emozio honek babestu egin nahi gaitu (egoerara adaptatzeko balio izaten du). Horrela nori, noiz eta nola espresatu nahi den baloratzeko egokia izan daiteke. Hala ere, beldurrarekin ere esan daitezke gauzak (adibidez, beldurra dagoela komentatzeak lagun dezake).
Kasu batzuetan, garrantzitsua izaten da bestearen partetik eran-tzun bat emateko baldintzak egotea: denbora, baldintza espazialak, auditiboak… Adibidez, whatsappetik esateak zaildu dezake eran-tzuna jasotzea eta hau ondo ulertzea. Edo, batzuetan, kotxea ere ez da oso espazio egokia gauza garran-tzitsuetarako, bertan ezin baikara begietara begiratu, kontzentratu… Beraz, momentu egokia aukeratzea interesgarria izango litzateke.
Hala ere, gehituko nuke guztia komunikatzea ere ez dela beharrezkoa gustuko harreman bat izateko. Bakoitzak ikusiko du momentu oro zer den komunikatu nahi duena.
Nola eragiten dute emozioek eta estresak sexu-desiran?
Hasteko, baliagarria iruditzen zait desiren eta emozioen arteko harremana zehaztea. Gizaki erotiko gisa, gure desirek mugitzen dituzte emozioak. Hau da, desira da gure emozioen eta akzioen motorra. Beraz, desira eta emozioak oso erlazionatuta daude eta emozioek desiran eragina duten arren, esango nuke, batez ere, desirak eragiten dutela emozioetan.
Estresari dagokionez, hau desiraren etsai handi bat izaten da. Izan ere, estresak alertan egotea eragiten du, biziraupenean eta modu honek asko zailtzen du gure desirarekin konektatzea.
Zeintzuk dira sexualitateari buruz ikastean egiten ditugun akatsik ohikoenak?
Hasteko, uste izatea sexuaren gaia ez dela zerbait ikasi daitekeena, zerbait “naturala” delako eta ez dagoelako ezer hitz egiteko, eztabaidatzeko, pensatzeko…
Behin ikasi nahian jarriz gero, uste dut gertatzen den gauza bat dela ez dugula jakiten non bilatu informazioa eta, askotan, sexualitateari buruz ikuspegi politiko, psikologiko edo sanitario batetik hitz egiten duten informazio iturrietara jotzen dugula, sexua ikergai nagusitzat duen disziplinatik datorren iturrira joan ordez. Eta ondorioz, sexualitatearen aurrean jarrera normatibo edo konbatiboak jasotzen direla, sexualitatea ulertzeko zailtasunak sortuz.
Nola identifika daiteke sexu-harreman osasungarria?
Osasungarria baino gehiago, desiratua den baloratzea izan daiteke interesgarria. Osasuntsua den edo ez, kanpotik egiten den balorazio bat izan ohi da, baina bakoitzaren bizipena eta balorazioa da baliotsua.
Ulertu behar da sexuen arteko harremanetan, desira tarteko dagoenean, zaurgarritasuna egon ohi dela eta honek indarra emateaz gain emozio desatseginak ere sor ditzakeela: beldurra, tristura, frustrazioa… Garrantzitsua iruditzen zait mina eta zaurgarritasuna esperientzia erotikoen barne ulertzea, ez baita dena larrosa usaiduna.
Baina, bestetik, harremanak desiratua, plazenteroa, gustosoa etab ere izan ohi dira eta, azken finean, hori da bilatu ohi duguna.
Beraz, bakoitza joan beharko da ikusten ea izaten ari garen harremana gustokoa izaten ari den eta zer egin daitekeen harremana desiratua izaten jarraitzeko.
Sexuari buruzko zein mito arrunt utzi beharko genioke sinesteari?
Sexuari buruzko ideia asko daude zailtasunak sortzen. Adibidez, gure desira animaliek bizi duten instintoa bezalakoa dela, gizonek emakumeek baino desira gehiago izaten dutela, desira dagoen edo ez dagoen zerbait dela (modu pasiboan kolokatuz gure burua horren aurrean), plazerra beste bati eman ahal diogun zerbait dela…
Garrantzitsua al da gure sexu-osasunaren kontrol erregularra egitea, harreman aktiboan ez bagaude ere?
Hemen, genitalen inguruan galdetzen didazuela ulertzen dut. Sintoma edo zailtasunik ez baldin badago, ez litzateke beharrezkoa izango kontrolik egitea. Askotan, errebisio ginekologikoak egin behar direlaren ideia egoten da, baina hau ez da dentistarengana joatea bezala. Gure genitalekiko ez dugu kontrolik behar.
Zein da desio sexualaren eta maitasunaren arteko aldea?
Maitasuna oso gauza orokorra izan daiteke. Izan ere, familia, lagunak, natura, animaliak… maitatu ditzakegu. Baina bada maitasun mota bat, maitasun konkretu bat, maitasun erotikoa deitu daitekeena. Eta erotiko horrek beste batekiko desiraz hitz egiten du. Desira sexualaz hitz egiten badugu, ez dakigu oso ondo zein desioz ari garen eta nahastu egin gaitzake. Genitalak tarteko dauden desira bat da? Edo sexuen arteko desiraz ari gara? Desira erotikoaz hitz egiten badugu, ordea, beste sujetu batekiko sentitzen dugun atrakzioaz eta desiraz ari gara. Eta hau konkretuagoa da maitasuna baino.