Ikuskizun eszeniko izugarria eman du Pello Reparazek azken bi egunetan Iruñean. “Mitoaroa” ez zela kontzertu soila izango iragarri zuen, eta hala izan da. 30.000 lagunek gozatu dute urtarrilaren 3an eta 4an Iruñeko Nafarroa Arenan tradizioa eta modernitatea uztartu dituen musika eskaintza berritzaileaz, 15.000 lehen hitzorduan eta beste 15.000 bigarrenean. Amaieran, ezustekoa eman eta azken kontzertu bat iragarri zuen, irailaren 6rako, Donostian.
ETB2n (Reparazek berak hala eskatuta) eta EITB Nahieran atarian ere gozatu ahal izan zen bigarren kontzertua, zuzenean, eta oso emaitza onak lortu zituen ikuskizunak: izan ere, emanaldiak 275.000 ikusle izan zituen. Euskaldunen artean % 56koa izan zen jarraipena, eta bereziki arrakastatsua izan zen Nafarroan.
Zetaken AAZTIYEN diskoa aurkezteaz gain, azken bost urteotako abestirik ezagunenak errepasatu zituen Arbizuko artistak, baita aurretik Vendetta taldearekin ezagun egin zituen pare bat ere.
Klara Mendizabal sopranoa eszenatokian zela hasi zen ikuskizuna. Reparaz harengana hurbildu eta gortina atzera igaro ondoren, ikusleak zur eta lur utzi zituen urez betetako kristalezko ontzi baten barrutik kantatzen agertu zenean. Handik atera eta ia airean, bigarren maila batean zegoen beste agertoki batera igo zen, “Mitoaroa” abiatzeko. Euskal mitologia zein Nafarroako inauterietako pertsonaien presentzia eta erakustaldia musikarekin uztartuz, energia berezia sortu zen Nafarroa Arenan, eta energia hori areagotzen joan zen, gainera, kontzertuak aurrera egin ahala.