Elias Querejeta Zinema Eskolako ikasleek praktikak egingo dituzte Azkuna Zentroan

Eskolak 2018ko urrian bere ateak ireki zituen lehenengo aldiz.

UNAI GANDARIAS /2020-08-06/ Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbao, Bilboko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak eta Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen bat sinatu dute. Hitzarmen horren helburua da EQZEko ikasleek curriculumetik kanpoko prestakuntza-praktikak egin ahal izatea Azkuna Zentroan, bai eta bi erakundeen arteko lankidetzarako beste bide batzuk irekitzea ere.

Kulturuneak ohar batean adierazi duenez, testuinguru horretan, Lester Alvarez, 2018an Azkuna Zentroan artista egoiliar gisa aukeratua izan zena ‘Amphitryon’/Artista x Artista egoitza artistikoen programaren barruan, Alhondiga Bilbaora itzuliko da, Azkuna Zentroko artxiboaren kudeaketan hilabetez laguntzeko. Horrela, zinemagintza eta ikus-entzunezkoak babesteko prestakuntza-masterra amaitu ahal izango du zinema eskolan.

Halaber, zentroaren artxiboa Mediateka berrian nabarmentzen den guneetako bat dela ziurtatu dute; bertan, artxiboa eta zentroaren argitalpenak jasoko dira, eta ikerketa sustatuko da. Esan dutenez, prozesuak funtsen birplanteamendua ere barne hartzen du, bilduma bibliografikoa Egitarau Proiektuak egituratzen dituen sei ildo estrategikoetan egituratzeko: arte garaikidea, zuzeneko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, gizartea, kultura digitalak eta literatura.
Azkuna Zentroak azpimarratu duenez, Lester Alvarez artista kubatarrak kultur kudeaketan izan duen esperientziak eta kultur artxiboaren eta sorkuntza garaikidearen esparruan egin duen ibilbide profesionalak bere profila egokia bihurtu dute praktika akademiko horiek lortzeko eta Azkuna Zentroko Artxiboan (Alhondiga Bilbao) egonaldia hasteko.