UNAI GANDARIAS /2020-08-06/ Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbao, Bilboko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak eta Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen bat sinatu dute. Hitzarmen horren helburua da EQZEko ikasleek curriculumetik kanpoko prestakuntza-praktikak egin ahal izatea Azkuna Zentroan, bai eta bi erakundeen arteko lankidetzarako beste bide batzuk irekitzea ere.
Kulturuneak ohar batean adierazi duenez, testuinguru horretan, Lester Alvarez, 2018an Azkuna Zentroan artista egoiliar gisa aukeratua izan zena ‘Amphitryon’/Artista x Artista egoitza artistikoen programaren barruan, Alhondiga Bilbaora itzuliko da, Azkuna Zentroko artxiboaren kudeaketan hilabetez laguntzeko. Horrela, zinemagintza eta ikus-entzunezkoak babesteko prestakuntza-masterra amaitu ahal izango du zinema eskolan.
Halaber,
zentroaren artxiboa Mediateka berrian nabarmentzen den guneetako bat
dela ziurtatu dute; bertan, artxiboa eta zentroaren argitalpenak jasoko
dira, eta ikerketa sustatuko da. Esan dutenez, prozesuak funtsen
birplanteamendua ere barne hartzen du, bilduma bibliografikoa Egitarau
Proiektuak egituratzen dituen sei ildo estrategikoetan egituratzeko:
arte garaikidea, zuzeneko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak,
gizartea, kultura digitalak eta literatura.
Azkuna Zentroak
azpimarratu duenez, Lester Alvarez artista kubatarrak kultur kudeaketan
izan duen esperientziak eta kultur artxiboaren eta sorkuntza
garaikidearen esparruan egin duen ibilbide profesionalak bere profila
egokia bihurtu dute praktika akademiko horiek lortzeko eta Azkuna
Zentroko Artxiboan (Alhondiga Bilbao) egonaldia hasteko.