Rock psikodeliko eta progresiboko hainbat taldetan zaildu ondoren, Xabier Badiolak (2000, Eibar) bakarkako lana aurkeztu du estreinakoz. Etxean autoekoitzia, 10 kantu dakartza diskoak. Hiru instrumentalak dira, gainerakoak euskaraz kantatzen ditu. Ego ibaiaren haranera eramaten gaituzte abestiek. Hantxe elkartzen da natura antzinako lantegiekin, inguruneari paisaia berezia emanez.
Nola sartu zinen musikaren munduan?
Hamazazpi urte nituenetik gitarra jotzen aritu izan naiz proiektu desberdinetan: erromeriak, rock taldeak, psikodelia egiten (The Mood Rings, The Van, Sotomonte), ordezkapenak han-hemenka… hamar urterekin hasi nintzen jotzen, hamabi urterekin lehenengo taldetxoetan katxarreatzen hasi nintzen, eta orduz geroztik ez naiz gelditu. Ez dut musika ikasketa formalik, baina gazteagoa nintzenean musika klaseetara joaten nintzen eta urteetan zehar nire kabuz ere ikasi izan dut.
Hainbat musika-taldetan egon zaren arren, une honetan bakarlaria zara. Zergatik erabaki zenuen bakarlari munduan murgiltzea?
Beti gustatu izan zaizkit gitarrista eta kantautore bakarlari akustikoak. Hamabost urte inguru nituenetik Nick Drakeren zale amorratua izan naiz, aurrerago Bert Janschek folk gitarraren ateak ireki zizkidan eta zerbait bakarka egitera ere ausartu nintzen. Egon naizen talde guztietan idatzi izan dut, baina inoiz ez euskaraz, eta hain formatu “biluzia” izanda, ez nuen nire burua euskara ez zen beste hizkuntza batean abesten ikusten, ez zitzaidan zintzoa iruditzen. Gehien gustatzen zaidana bakarka aritzeak ematen duen askatasuna da. Egia esan, oso askatzailea da gitarra hartu, edonora joan, eta abestiak defendatu ahal izatea.
Diskoaren izenburuak zure izena darama. Zergatik?
Hasieratik horrela planteatu nuen. Atzera begiratzen badut, ez dut uste beste titulu bat jartzea pentsatu dudanik. Hainbat taldetan aritu ostean, nire inten-tzioak adierazteko modu gisa ikusi nuen; hau ni naiz eta hemen dago egiten dudana, ezagutzen nauenak txipa aldatu dezan eta ezagutzen ez nauenak lehen kontaktu hori eduki dezan. Hor izan da, noski, folksinger zaharren lehen diskoen erreferentzia; Jackson C. Franken izen berekoa, Bert Janschen disko urdina…
Arlo musikalaz gain, diskoaren ekoizpenaz ere arduratu zara. Nolakoa izan da lan hori?
Diskoa grabatzeko erabakia hartu nuenean, inguruan nituen aukerak aztertu nituen, eta nik neuk grabatzea bilatzen nuen gertutasuna eta “perfekzio-eza” lortzeko bide aproposena iruditu zitzaidan. Lekua banuen, Londresera egindako bidaia baten atzerapenaren kalte-ordainekin mikrofono fin bat erosi nuen, eta gurasoen etxea libre neukala aprobetxatu nuen grabatzeko; nahiko azkar eta prozesuan erabat zentratuta egon nintzen. Nahasketa izan da prozesu luzeena, hain elementu gutxi izanda, soinu bakoitzari bere tokia eman nahi niolako eta entzulea nola murgilarazi lortzeko asko setatu nintzelako. Prozesu luzea izan da eta buruhauste asko egon dira, oso exijentea naizelako nire buruarekin, baina pozik gelditu naiz lehenengo lan honekin.
Letrek garrantzi handia dute zure diskoan. Zergatik?
Bide beretik doa dena. Gitarra moldaketak nahiko landuak dira, baina, orokorrean, instrumentazio oso gutxi dago; beraz, elementu bakoitza bere kabuz mantendu behar da zutik. Letren edukiaz hitz egitea, niretzat behintzat, zaila egiten zait, baina buruan irudi bat sortu eta hortik tiraka hitzek eraman ninduten tokira eraman ninduten eta kito, ez nien buelta gehiegi eman orokorrean. Gauzak zuzenegi ez esaten saiatzen naiz, hori bai. Nahi gabe edo nahita hitz unibertsalagoak erabiltzen ditut, agian.
Diskoan gitarra eta ahotsa dira nagusi. Gitarrarekin edonora zoaz?
Egia esan, ia egunero eramaten dut gitarra gainean, entseguetara, kontzertuetara… Zerbait sinbiotikoa da, onerako eta txarrerako, biolina edo harmonika balitz errazagoa izango litzateke. Musikari guztiek harreman berezia dute beren instrumentuarekin, eta azken urteotan gitarra akustikoari maitasun berezia hartu diot, musika egiteko behar den guztia biltzen duelako azken finean. Nire burua gitarra jotzen duen abeslaria baino, abesten duen gitarra-jolea bezala ikusten dut, denbora asko ematen baitut gitarra jotzen eta abestiak konpontzen.
Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zenuen; bideoklipak zuk zuzentzen eta grabatzen dituzu edo laguntza duzu?
Lehenengo lan honetan, lana bere horretan aurkezteagatik, ez dut bideorik egin. Ikasketek bai lagundu didate, adibidez, diskoaren maketazioan eta diseinuan eta alderdi teknikoan. Lehenengo lanerako argazkiak Eneko P. Arnaiz lagunari eskatu nizkion, antzinako argazkilariekiko dugun maitasunagatik, eta biniloaren portada Iñaki Larrañagari eskatu nion. Miresten ditudan artisten lana goraipatzeko edo.