UNAI GANDARIAS /2020-08-06/ Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat laguntza onartu ditu lurraldean kirola egitea sustatzeko. Dirulaguntza desberdinen lerroen deialdia 1.768.695,30 eurokoa da, modu honetan sailkatuta: 930.000 euro toki erakundeentzako, 951.000 euro klubentzako eta 309.000 euro bestelako dirulaguntza lerroei zuzenduta.
Modu honetan, Aldundiak eutsi egiten dio probintziako kirol praktikaren sustapenaren aldeko apustuari eta aukera ematen zaie Gipuzkoako herritar guztiei jarduera fisikoa egiteko, bereziki eskola adinean.
Harkaitz Millan Kultura eta Kiroleko diputatuak adierazi duenez, “covid-19ak gaur egun sortu duen egoeratik harago, gure asmoa da Gipuzkoan egunetik egunera kirol gehiago egitea eta hobeto praktikatzea, eta, beraz, kirolak Gipuzkoako herritarren DNAren parte izaten jarraitzea”.
“Horregatik, 1,7 milioi euroko laguntza horiek garrantzitsuak dira, gure apustuari eusten diotelako eta balio izango dutelako, halaber, jarduera fisikoa sustatzeko eta kirolaren sustapena eta prestakuntza bultzatzeko tresnak klubei eta toki erakundeei emateko, batez ere txikienen artean”, nabarmendu du.
Laguntza horien helburua da kirol arloko dirulaguntzak ematea toki erakundeei, kirol elkarte eta entitateei, eta herritar aktiboen alde lan egiten duten ikastetxeei, jarduera fisikoa erregulartasunez egitea sustatuz, jarduera fisikoa egiten duten pertsonen kopurua eta maiztasuna handitzeko, batez ere kolektibo ahulei dagokienez.
Dirulaguntza horietan sartzen dira, besteak beste, eskola kirolera bideratutako partidak, bai eta desgaitasunen bat duten kirolarien jardueretara bideratutako beste batzuk ere. Horrela, herritar guztiek berdintasunez parte har dezaten bermatu nahi da. Eragina dute, beraz, kirola guztientzat sustatzeari dagokion eskumenean eta eskola kiroleko programa garatu eta gauzatzeari dagokion eskumenean.