Legezko eta arriskurik gabeko abortua lortzea urrutiko ametsa da oraindik Polonian

2024ko uztailean, Parlamentuak ez zuen onartu PiS alderdiaren gobernuan abortuari buruzko legediaren murrizketek eta Auzitegi Konstituzionalaren 2020ko epaiak eragindako kaltea konpontzen saiatzeko aurkeztutako lege-proposamena. “Abortatzeko laguntza”ren kriminalizazioarekin amaitzea proposatzen zuen lege-proiektua baztertu zuten.

PSLren eta Polska 2050 zentristaren figura politikoak 1993ko abortu “adostuari” buruzko legedia berrezartzearen alde agertu dira. Lege horrek haurdunaldia etetea ahalbidetzen zuen fetuaren malformazio larri edo hilgarriko kasuetan, egungo legezko kasuetan ez ezik. Gaia erreferendumera eramatea ere iradoki dute. Bi proposamen horiek zuzenbidearen eta giza eskubideen nazioarteko arauen aurkakoak dira. Arau horiek exijitzen dute Poloniak abortua despenaliza dezala eta behar duen pertsona orori arriskurik gabeko abortua egiteko aukera berma diezaiola, diskriminaziorik gabe eta autonomia pertsonala eta giza eskubideak errespetatuz.

Abuztuan, Donald Tuskek esan zuen, itzulingururik gabe, ez zela posible izango gehiengo parlamentarioa lortzea abortuari buruzko legediaren berrikuspena babesteko hurrengo hauteskundeetara arte. Baieztapen horren ondorioz, ez da ahalegin gehiagorik egingo gutxienez beste hiru urtez erreforma bultzatzeko.

Baina haurdun gera daitezkeen emakume poloniarrentzat hiru urte itxarotea ez da aukera bat.

2021eko urtarrilean indarrean jarri zenetik, murrizketa arriskutsuak argi eta garbi nabaritu dira, eta batzuetan ondorio tragikoak izan dituzte emakumeentzat eta haien familientzat. “Eragin geldiarazlea” dela eta, medikuek haurdun dauden pazienteei bizia salba diezaieketen neurririk ez hartzeko aukerak areagotu egin dira, eta ordutik hainbat emakume hil dira.

Gobernuak abuztuan abortuari buruz eman zituen jarraibide berriak osasun-arretako langileengan “eragin geldiarazle” hori leuntzen lagunduko zuen neurri gisa aurkeztu ziren. Hala ere, osasun mentalari buruzko abortuaren kasuak beste osasun-kasu batzuen modu berean errespetatu behar direla argitzen duten arren, legezko abortua gauzatzeko inguruabar oso mugatuak errepikatze hutsa dira.

Kriminalizatzeko arriskua

Poloniako emakumeak antolatzen, manifestatzen eta atxilotzera arriskatzen aritu dira. Auzitegietan apelazioak aurkezten eta
Legebiltzarrean babes politikoa lortzen aritu dira. Polonian eta atzerrian ugalketa-eskubideei buruzko oinarrizko lana egiten aritu dira, eta batzuek (Justyna Wydrzyska kasu) abortu-pilulak eman dizkiete behar zituztenei, eta horregatik auzipetu dituzte.

Eta, kriminalizatzeko arriskua egon arren, ugalketa-osasunaren eta autonomiaren erantzule izaten jarraitzen dute. Abortion Dream Team emakumeek zuzendutako oinarrizko erakundeak crowdfunding kanpaina bat jarri du abian herrialdeko lehen abortu-klinika irekitzeko. Eta irailean, Emakumeen-tzako eta Familia Plangintzarako Federazioak (FEDERA) bere lehen sexu- eta ugalketa-osasuneko klinika ireki zuen Varsovian.

Emakumeek ezin dute hiltzen jarraitu beren estatuko genero-indarkeriaren ondorioz. Gobernuak abortuari buruz egiten duen ekintza eza arduragabea, krudela eta arriskutsua da. Guztiz onartezina da emakumeek eta neskek beste hiru urtez abortuaren egungo lege arriskutsu horren zailtasunak pasatzen jarraitzea. Bizitza gehiago galduko dira. Tusk lehen ministroak eta koalizioko gainerako alderdietako buruzagiek begiak ireki behar dituzte, eta Poloniako legedian abortatzeko (eta abortua modu aske, legal eta seguruan eskuratzeko) giza eskubidea aitortu behar dute.