Gure Zirkua Orion 10 emanaldi eskainiko ditu abuztu osoan zehar Orion

Zirkuak harrera bikaina izan du, eta hasieran aurreikusita zeuden 23 emanaldiei beste 10 gehituko dizkiete.

UNAI GANDARIAS /2020-08-06/ Datorren abuztuaren 30era arte egongo da Gure Zirkuaren karpa Orion. Ordura arte guztira 33 emanaldi eskainiko dituzte, hasieran programatutakoak baino 10 gehiago. Sarreren salmentak izandako arrakasta ikusita erabaki dute emanaldi gehiago programatzea.

“Gure Zirkuak bihotzez eskertu nahi du karpa Orion altxatzea erabaki zuenetik jaso duen erantzuna. Taldeak bazekien apustua ez zela erraza izango, zailtasunak aurkituko zituela bidean, baina jada ez du zalantzarik aurtengo ahaleginak merezi izan duela”, adierazi dute ohar baten bitartez antolakuntzatik.

Taldeak asteko bost emanaldiak ematen jarraituko du, asteazkenetik igandera bitartean. Ordua orain arteko bezala izango da, 19:00etan, eta karpa ez dute lekuz mugituko, Orioko Mendibeltz futbol zelaiaren ondoko berdegunean jarraituko baitu.