- Zer esanahi du “Hau Errepikezina Izan Da” diskoaren izenburuak? Nola lotzen zara lan honetan helarazi nahi dituzuen mezuarekin edo sentimenduekin?
Askok esan digute agur bat dirudiela, baina ez, momentuz oso bizirik gaude, zuzenekoetara bueltatzeko irriketan gure entzuleei saihetsetan ukabilkada musikal galanta emateko eta haien bihotzetara iristeko.
Honetaz aparte, izenburuak alde batetik bizi izan dugun une hau deskribatzen du eta bestetik 12 urteko ibilbidearen sentimenduak helarazten ditu. Disko hau sortzeko, 8 hilabete eman dizkiegu gure buruei lasaitasunez hartzeko, deskantsatzeko eta maitasun askorekin konposaketa eta idazketa lanak abiatzeko. Aurreko disko guztiak urrian kontzertuak bukatu eta abendu arte konposatu izan dira; zati potoloena behintzat. Kasu honetan, estudioko 5. izanda, garrantzi berezi bat eman nahi izan diogu. Horrez gain, Skabideanen barruan bizi izan eta garenontzat gure ibilbidea esaldi batekin laburbildu beharko bagenuke, honakoa litzateke: hau errepikaezina izan da. Gainera gaur egun taldeak dituen partaide berriekin bigarren goxo-momentu bat bizi izaten ari gara. Gure gaztaroko hasiera ero horietan bezala, beraz oso izen aproposa iruditu zitzaigun.
- Ska eta reggaea ardatz nagusiak diren arren, nola heldu diozue generoen nahasketari eta zer eragin berri aurki ditzakegu album honetan?
Barne liskar, edo guda hobe esanda, bizitzen ditugu gai hau dela eta, bai musika eta baita letrekin ere. Konposatzaileak reggelariak, folklorikoak, jazzeroak, poperoak edota 80. Hamarkadako euskal musikaren zale amorratuak dira, beraz genero nahasketa egon behar da, naiz eta argi eta garbi izan Skabideanen ardatzak zeintzuk diren. Disko honetan country bat dago, reggae modernoagoa bat, abesti akustikoagoak, melodia arraroagoak, baina bueno, skabideanen disko bakoitzean naiz eta ardatz bera mantendu aldaketa asko egon dira beti, bai estilistikoki, bai formazioan, orduan guretzeko polita da lan bakoitzean zerbait berria aurkezteko aukera izatea. Urteak aurrera egin ahala influentzia berriak jasotzen ditugu, beraz normala da eboluzio musikal hori egotea.
- Badirudi letrek garrantzi berezia hartu dutela disko honetan. Nola eragin du arlo pertsonalak eta nostalgiak abestien sorkuntzan?
Bai, aurreko diskoetan, beste formula erabili dugu, lehenengo musika eta gero letra. Beraz, disko honen abestien idazleak askatasun handia izan du idazterako orduan.
Disko honetan, argi dago arlo pertsonal eta nostalgikoak garrantzi handia hartu duela. Zoritxarrez, gurasoak oso gaixo egon dira, gurasoak joan dira eta hori taldearentzako oso gogorra izan da. Gure gurasoak, proiektu honen parte sentitzen dira, gaur egun ere gurekin datozelako kontzertuetara, korrika
egunean kilometro bat hartu eta guztiok bazkaldu eta korrika egiten dugu eta nola ez sentimendu horiek letra askotan islatzen dira. Bestetik, nostalgiko batzuk gara, beti barre artean esaten dugu, 40 urte barru ez gaituela inork aguantatuko, beti gure gaztaroko bizipenak kontatzen ari baikara. Egia da Kakik esaten digula, heltzen hasiak garela eta normala dela maitasuna eta nostalgiari idazteko joera hori, eta badirudi arrazoia duela.
- Garate Studiosen grabatu dute diskoa, Kaki eta Martxel Arkarazorekin batera. Nolakoa izan da haiekin lan egiteko prozesua eta zer ekarpen egin diote zuen ustez albumaren azken soinuari?
Kakirekin grabatzen dugun estudioko 3. Diskoa da eta aurreko urtean zuzeneko bat grabatu genuen Iruñeako san ferminetan, orduan talde honen parte bihurtu da. Askatasun osoa dauka guk ekarritako ideia bat ez duela batere zentzurik esateko eta guk, berak proposatutako ideia bati kasurik ez egiteko, eta hori estudio batetan zaudenean eskertzekoa da.
Diskoa grabatu baino lehen gure salara etorri zen entsegu batetara guk abesti guztiekin genituen zalantzekin laguntzera, hori du kakik, bai estudioan eta bai aurrez aurre. Nahiz eta zuk jakin bera, Puto Amoa dela bere ibilbidearengatik, izugarrizko konfiantza ematen dizu eta oso oso eroso sentiarazten zaitu. Zalantza, urduritasun eta tontokeri guztiak pasatzen zaizkizu bere alboan. Gero, Garatek daukan sala eta mahia Kaki eta Martxelek bezala, inork ez dio horrelako etekinik ateratzen eta diskoak daukan soinu natural eta zintzo hori haien lanari esker da, dudik gabe.
- Zer erronkari egin behar izan diozue aurre prozesu osoa zuen kabuz gauzatzean eta nolakoa izan da esperientzia hori?
12 urteak daramatzagu horrela lan egiten. Egia da 2022an proba egin genuela promotora batekin eta argi ikusi genuen guk gure proiektua baino hobe, inork ez zuela kudeatuko eta maitatuko. Hau izan da gure apustua eta baita borroka ere bai. Abestiak, diseinuak, bideoklipak, sareak, taldearen kontratazioa telefonoa… Guztia Skabideaneko taldekideak kudeatzen dugu.
Gaur egun managerrak, road-managerrak, back-linerrak… ez dakit, ingelesez milaka postu daude musika inguruan. Ba guk, hainbeste izanda paper horiek kudeatzeko prest ikusten dugu gure burua. Arraroa da, musikari askorekin hitz egiten dugulako eta askok kexatzen dira, promotorak, managerrek kobratzen duten ehunekoaz eta egia da gehiegikeria bat direla. Guk, hau diogu hau definitzeko orduan eta gure borroka azaltzeko eskatzen digutenean. Ez du zentzurik Euskal Herria osoan ehunka talde egotea, milaka musikari egotea, bai plazak eta antzokiak betetzen, eta gutxi batzuk musikaz bizitzea. Baina, Euskal Herrian dauden promotora, manager eta diskoetxe gehienak aldiz, musikariek sortutako musikaz bizi dira.
- Kontzertuetan CDa oso ukitu bereziarekin salduko duzue, abesti bakoitzerako artista ezberdinen ilustrazioekin. Nola sortu zen artista bisualekin lankidetzan aritzeko ideia, eta zer harreman mota dute ilustrazio horiek abestiekin?
Musika kolaborazioekin oso arraroak izan gara beti, bueno disko honetan 12 urtetan abeslari batekin egin dugun bakarra dago, Banda Bassotiko Sandokanekin, orduan alor artistikoan egiteko grina izan genuen. Ilustratzaileak lagunak eta senideak dira. Hau argi geneukan, gure ingurukoekin egin nahi genuen kolaborazioa, gure erara, etxean egina, maitasun askorekin. Bakoitzak zeukan estiloa kontuan izanda, aukeratu genuen nori eskatu abesti bakoitza. Egia da hau argi geneukala, disko honetan alor artistiko gehienak jorratzea. Musika, idazketa, margoketa, antzezlana, dantza… Talde barruan beti eman diogu espazioa bakoitzaren mobida artistikoari, dokumentalak, marrazketa, oskarbi fanzineak, gu geuk idatzia eta editatua. Orduan, hau ere errepikaezinaren izenburu horren barruan dago.
- Zer itxaropen duzue bira honetarako eta zer espero dezakegu zuzenekoetatik, aurreko lanekin alderatuta?df bn
Itxaropena, betikoa, ahalik eta jende gehien entzun dezala gure lana, baina ez rollo narsizista batengatik, baizik eta lan potoloa izan delako eta oso harro gaudelako.
Aurreko lanekin konparatuta, jendearen fideltasuna mantentzea, ez gara bat- bateko hiteko taldea edota modekin doan taldea, baina daukagun publikoa zoragarria da, errespetu handiz gozatzen eta dantzatzen dute kontzertuetan eta naiz eta gure etxetik kanpo egon beti herriko plazan bagina bezala sentiarazten gaituzte. Ez da pelota egiteagatik, beti pentsatu dugun zerbait izan da, gure publikoa gu bezala, peña normala da, bitxia baino jatorra.
- 2024. urtearen hasieratik lan egin duzue disko honetan. Izan al zen une garrantzitsuren bat edo behin betiko norabidea markatzen zuen abestiren bat albumaren sorkuntzan?
Bai izan ditugu momentu zailak, bueno, oso latzak, alde batetik Edorta galdu izana, bera nola joan zen ere guztientzako ikasketa handi bat izan da. Horrek ere idazterako orduan asko eragin digu. Jo gabe egoteak ere garrantzi handia izan du, naiz eta beti elkarrekin egon, bat bateko geldiune bat egiten duzunean 12 urtez abiadura mantsotu gabe egon ondoren, gure arteko liskarrak, inperfekzioak, dena, agerian gelditzen da. Horri ere buelta eman behar zaio, dena bere lekuan utzi, hitz egin, pentsatu. Horregatik izango da hain pertsonala eta nostalgikoa disko hau.
- Ska eta reggaea mezu sozial eta politikoei oso lotutako generoak dira. Ba al dugu disko honetan nabarmendu nahi duzuen gai sozial edo politikorik, arlo pertsonal eta nostalgikoaz gain?
Bai nola ez, banderei su! abestian, Antoniok, Aimanen, bere Yemeneko laguna, bidaiaren istorioa kontuan izanda (horren inguruko dokumental bat ari dira prestatzen, Junerekin, gure kamera eta maketatzailearekin batera) letra sortu genuen, berak bidai bitartean nola sentitu eta zer bizi izan zuen islatuz eta Europari (gu barne) eta Estatu Batuei kritika eginez.
Gero behin eta berriz altxatu, senide batek ikastolan jasan duen egoera baten inguruan hitz egiten du, horrek ere asko kezkatzen gaitu, haurren arteko harremanak, plazen itxura, parkeak haurrez beteta eta tabernak gurasoz beteta kasu putarik egin gabe. Gure arteko ohiko gaia izaten da. Espero dugu gurasoak garenean hau gogoratzea, tabernan gutxi egotea eta barazki asko egitea gure seme alabei.
La muralla abestia naiz eta bertsio bat izan, gure gurasoen garaiko abesti internazionalista da, banda bassotirekin partekatu duguna, Europako talde sozialena eta guretzako erreferentea. Infinitoaren konkista abestia, AHTrik ez plataformarekin egindako abesti bat da, sahietsak apurtu, gure buruari eta gure belaunaldiari egindako kritika gogor bat da. Nostalgikoak, folklorikoa diren mezuez aparte badaude nahikotxo mezu soziala dauzkatenak.
10. Zuen ustez, zertan aldatu da Skabidean zuen lehen lanetatik “Hau Errepikezina Izan Da” -ra? Zerk bereizten zaituzte orain banda gisa?
Zorionez naturaltasun eta zintzotasun berdinarekin lan egiten dugu. Inurrien lana, gutxinaka lan egin eta uzta galantak denbora luzean jaso, burua galdu gabe eta gure lekuan, Italiarrek esaten duten erara, Rigore.
Egia da musikari, konposatzaile eta idazle bezala asko hazi garela. Medioak ere askoz gehiago dira, maketak guk grabatzeko, Garate bezalako estudio batean grabatzeko, kontzertuetan daramagun ekipo materiala… Zorionez lehenengo diskotik 6 pertsona mantentzen gara eta hori da guretzako berezitasun politena.
Dena dela, orain arte esan dugun guztia (kakik dioen bezala), gure uste apalean izan da.