‘Dexting’-a: gustuko duzun pertsona aurrez aurre ez ezagutzea erabakitzen duzunean

Internetak eta aplikazioak gure bizitzetan duten tokia eta eragina nabarmena da, eta jende dezenterekin sortzen ditugu harremanak mundu birtual edo digitalean. Harreman batzuk azalekoagoak izaten dira, eta beste batzuk, berriz, sakonagoak. Azkenaldian dexting izeneko joera zabaldu da. Dating eta texting kontzeptuak uztartzen ditu, hau da, norbaitekin irtetea eta mezuak bidaltzea. Mundu birtuala babesleku segurua izan daiteke aurrez aurreko gorabeherekin alderatuta.

Zenbait ikerketaren arabera, ziten aplikazioak erabiltzen dituzten gazteek lau bat egun itxaroten dituzte, batez beste, telefono zenbakiak trukatzeko. Mezu trukaketa horietan garatzen da askotan harremana. Mezuak bidaltzen dizkiote elkarri astetan edo hilabetetan, egun ona opatu elkarri edo ondo lo egiteko esan emotikono maitekorrekin batera, eta pantailatik haratago joateko premiarik ez duten harremanak eraikitzen dira.

Izan ere, aurrez aurreko elkartzeek geure burua zaurgarritasun posizioan jartzea dakarte. Plano digitalean mantenduz gero, emozio erromantikoak senti daitezke, zita erreal bateko dezepziorako arriskua baztertuta. Mina hartzeko edo magia galtzeko aukerak urritu egiten dira.

Lotura emozionala mantentzeko modua da, ohiko harremanen higadurarik gabe. Era berean, bidaltzen ditugun mezuak eta argazkiak neurtuak eta zainduak izan daitezkeenez, norberaren bertsio ideal edo perfektu samarra erakutsi daiteke. Argi dago, aurrez aurre gaudenean, eta denboraren poderioz, saihestezina dela norberaren gabeziak begi-bistan geratzea, desadostasunak agertzea edota egoera deserosoak sortzea. Gertutasunaren eta distantziaren arteko oreka jokoa da.

Joera honek izan ditzakeen ondorioez ere ohartarazi dute zenbait adituk. Etengabe mezuak bidaltzen aritzeak dakartzan ondorio fisikoez gain, harreman birtual batean sortutako mendekotasun emozionalak mundu errealean esperientziak edo harremanak izatea atzera lezake edo baita guztiz ekidin ere.

Gogoan izan mesede ala kalte egiten ote digun aztertu behar dugula eta horren araberako erabakiak hartu. Kontrola eta berehalakotasuna ez dira betiko sostengagarriak, eta benetako harremanak eraikitzea izan beharko luke gure helburua. Beraz, zaindu zure burua!