Zeintzuk dira Z belaunaldiak gehien jaisten dituen hiru aplikazioak?

Z belaunaldiko kideak aplikazio kontsumitzaileak dira eta mundu mailako mugikor erabiltzaileen %40 omen dira. Hala, Techcrunch-ek ikerketa bat egiteko eskatu dio Appfigures enpresari, Z belaunaldiak gehien deskargatutako aplikazioak zeintzuk diren jakiteko. Estatu Batuetako 18 eta 24 urte arteko gazteen joerak aztertu dituzte, iOS edo Android erabiltzaileak direnak.

Urtarrila eta urriaren artean gehien jaitsitako aplikazioa Temu izan da, produktuak deskontu handiekin eskaintzen dituen online merkatua. Erosleak motibatzeko kupoiak, doako opariak eta halakoak ere izaten dituzte. 41.98 milioi aldiz deskargatu dute. Aplikazio honen konpetentzia den Shein 14.68 milioi aldiz deskargatu dute, baina ziur asko Z belaunaldikoek dagoeneko mugikorrean dutelako izango da.

Bigarren aplikazio deskargatuena zein den? Ez zara harrituko. TikTok, noski, 33.23 milioi aldiz deskargatuta. Ikus-entzunezko mota askotariko eduki azkarra topatzen dute bertan eta informazioa edo gauzak topatzeko ere bertara jotzen dute, Google-ra baino gehiago.

Threads ere zerrendaren goialdean agertzen da, 32.32 milioi deskargarekin. Atzetik ditu Meta erakundeko beste aplikazioak; Whatsapp, 28.42 milioi deskargarekin, Instagram, 26.29 milioirekin, Facebook 20.58 miloirekin, eta Messenger 17.63 milioirekin.

Bestetik, adimen artifizialaren ChatGPT ere ez da atzean geratu, 24.63 milioi aldiz jaitsi baitute. Youtube-ren instalazioa 14.03 milioikoa izan da, eta Google-rena, berriz, 17.65 miloikoa. Zerrendan ageri dira honako hauek ere: Chrome, Meet, Google Drive, Google Photos, Gauth, CapCut, Lemon8, Snapchat, Telegram, Netflix, Prime Video eta Spotify.