Durangoko Udalak Plateruena Musika Aterpea martxan jartzeko proiektua aurkeztu du gaur goizean. 2025eko bigarren seihilekoan ireki nahi dute berriz espazioa, gaurko saioan aurreratu dutenez, “musika sortzeko eta profesionalizatzeko erreferentzia-gune berritua” bihurtuta.
Milioi bat euro inguruko inbertsioa egin du Udalak, “musika sorkuntza, prestakuntza eta erakustaldi zentroa” prestatzeko, eta ikastaroak (musika konponketak, soinu teknika aurreratuak, jabetza intelektuala…), artistentzako egonaldiak, bekak, entsegu aretoak, klub saioak (house, techno, drum ‘n’ bass…) eta kontzertuak (“inpaktu handikoak, inpaktu ertainekoak, hurbiltasuneko kontzertuak…”) eskainiko ditu.
Emanaldiotan, “ikuspegi inklusiboa islatuko da”, eta ziurtatuko da taldeen % 50ek gutxienez euskaraz abestuko dutela, artisten % 33 35 urtetik beherakoak izango direla eta emakumeen ordezkaritza ere gutxienez % 33ra iritsiko dela.