TikTok-en euskarazko liburu gomendioak egin edo jarraitu nahi al dituzu?

TikToken gauza askori buruzko bideoak daude eta askotariko interes eta zaletasunak dituen jendea, halakoen inguruan hizketan eta gomendioak egiten. Literaturak eta liburuek ere badute tokia, BookTok traolaren bidez zabaltzen direnak. Hain zuzen ere, TikToken dagoen euskal komunitateak euskaraz zer irakurri jakiteko eta gomendioak egiteko eta halako kontuak partekatzeko beharra duenez, BookTok euskaraz egiteko proposamena bota du Aulestiko Janire Atxurrak, desastresvarios kontuan.

Orain arte gaztelaniazko liburuen inguruko bideoak egin izan ditu, eta jendearen gogoa eta eskaera ikusita, erronka berri honi heldu dio. Genero guztietako liburu gehiago irakurri, euskaraz, eta horiek komentatzeko gonbita egin die gainerako euskaldunei, “askotan ez dakigulako nondik hasi, non topatu”. Euskaraz fantasia, gazte amodio, eta halako estiloko liburuak topatzea oso zaila dela nabarmendu du TikTokerrak.

Bera jada hasi da horretan eta Karmele Jaioren Maitasun kapitala aukeratu du lehen bideorako. Irakurtzen hasi da, eta irakurritakoa gustatu zaiola aipatu du, Olga protagonista, bere bikotekide ohiaren hiletan dagoelako liburuaren abiapuntuan. Saltsa eta maitasun aferak aurreikusi ditu eta gogotsu dago jarraitzeko.

Zu ere irakurzalea bazara, baduzu Tiktoken jarraitzeko eta beste erabiltzaileekin euskarazko liburuen inguruan partekatzeko modua. Gozatu eta kontatu!

Iturria: Gaztezulo