Palestinaren egoera: urriaren 7tik urtebetera, su-etena bermatzeko eta bahituak askatzeko premia

2024ko urriaren 7an urtebete bete zen Hamasek eta beste talde armatu palestinar batzuek Israel hegoaldean egindako erasoetatik. Eraso horietan 1.200 pertsona inguru hil eta 250 bahitu zituzten. Era berean, urtebete bete da Israelen erasoaldi suntsitzailea hasi zenetik; orain arte, 41.500 pertsona baino gehiago hil dituzte, eta 1,9 milioi desplazatu behar izan dira okupatutako Gazako Zerrendan

Data horren harira, Agnès
Callamard Amnesty Internationaleko idazkari nagusiak honako hau adierazi du:
“Urriaren 7a dolu-eguna da hil eta bahitu zituzten pertsona israeldarrentzat eta Hamasen eta beste talde armatu batzuen atentatu lazgarrietatik desplazatuta jarraitzen duten milaka pertsonentzat.”
“Urriaren 7an urtebete bete da, halaber, Israelgo indarrek Gazan egindako erasoaldi ikaragarria hasi zenetik. Milaka hildako eragin ditu, herritarren %90 indarrez lekualdatu ditu eta aurrekaririk gabeko hondamendi humanitarioa eragin du, Gazako biztanle palestinarrak genozidio arriskuan jarriz”,
Nazioarteko Justizia Gorteak adierazi duenez.


“Hamasek eta beste talde armatu batzuek egindako delituak, Nazioarteko Zigor Gorteko Fiskaltza gizateriaren aurkako krimen gisa ikertzen ari dena, izugarriak eta guztiz justifikaezinak dira. Urtebete geroago, 100 bahitu inguru daude oraindik Gazan. Batzuen heriotza baieztatu bada ere, bizirik jarraitzen dutenek heriotza, tortura eta bestelako tratu txarrak jasateko arriskua dute. Haien segurtasunarekiko beldurra areagotu egin da abuztuan Israelgo indarrek sei bahituren gorpuak berreskuratu zituztenetik; ondoren Israelgo auzitegiko medikuek egindako azterketa baten arabera, tiroz hil ziren, berreskuratu baino lehen. Bahitu zibilak berehala askatu behar dira, eta euren familiekin bildu.”

“Bien bitartean, Gazan, familia osoak sarraskituta geratu dira, eta pertsona askok ez dituzte oraindik beren maiteen gorpuzkiak lurpetik atera suntsitutako etxeetako hondakinen artetik, haurrak barne. Gazako ehunka familiak beren maiteei buruzko informazioa bilatzen jarraitzen dute, kargurik eta epaiketarik gabe Israelgo kartzeletan atxilotuta, eta horietako asko torturapean.”

Gizateriaren porrot kolektiboa

“Gerra ageriko amaierarik gabe luzatzen den bitartean, su-etenaren beharra, nazioarteko zuzenbidearen errespetua eta biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako dituzten eskubideak bermatzea inoiz baino beharrezkoagoak dira. Lotsagarria eta gizadiaren porrot kolektiboa urtebete geroago su-etenik gabe eta bahituak askatu gabe jarraitzea. Ankerkeria horiek ez ziren inoiz egin behar, eta are gutxiago egiten jarraitu.”
“Urteurren hau arrazoi sakonei aurre egiteko, alde guztiei arma-hornidura mozteko eta Israelgo indarrek, Hamasek eta beste talde armatu batzuek hamarkada askotan nazioarteko zuzenbidea mespre-txatu duten zigorgabetasun luzeari amaiera emateko premiaren oroigarri bat da.” “Munduak ez ditu inoiz biktimak eta kaltetutako familien larritasuna ahaztu behar. Gizateria nagusitu behar da.
Amnesty Internationalek berehalako su-etena eta Hamasek eta beste talde armatu batzuek atxikitako bahitu zibil guztiak eta Israelek zilegitasunik gabe atxilotutako palestinar guztiak berehala eta baldintzarik gabe askatzeko eskatu du.”

Palestinako Lurralde Okupatuan eta Israelen giza eskubideen urraketak urriaren 7ko atentatuak baino askoz lehenago hasi ziren. Amnestyk Israelgo apartheid sistema krudela eta legez kanpoko okupazioa ikertu eta salatu ditu, eta NBEko Segurtasun Kontseiluak horri buruzko ebazpenak onartu ditu.