Sarean Euskaraz 2024 jardunaldi-jaialdia Iruñeko Baluarte Jauregian egin da. Izen-ematea sekula baino arrakastatsuagoa izan da, eta, orotara, 1.400 gaztek hartu dute parte Nafarroako Gobernuak Euskarabidearen bitartez bul-tzatzen duen proiektu honen VIII. edizioan. Aurreko zazpiak kontuan hartuz, 8.500 ikaslerengana baino gehiagorengana heldu da jada. Ekimen honek Iruñerriko 12 ikastetxetako Bigarren Hezkuntzako ikasleak murgildu ditu, euskaraz, Informazio eta Komunikazio
Teknologien (IKT) unibertsoan.
Gazteak, euskara eta teknologia berriak dira ekimenari izaera ematen dioten hiru ardatzak. Gure hizkuntzak etorkizun bizia eduki dezan ezinbesteko bihurtu da gazteak euskarazko kultura digitalean trebatzea.
Dena dela, euskarazko Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) alorrean murgiltzeko esperientzia hori Baluarte Jauregitik harago luza dadin nahi dute Sarean Euskaraz egitasmoaren bultzatzaileek. Proiektua iraunkorrago bilakatzeko erronka horretan, ekimena ikasgeletara ere eramango dute. Hala, Iruñerritik kanpoko beste 500 gazterengana helduko da proiektua. Zehazki, Altsasu, Bera, Doneztebe, Leitza, Tafalla eta Lekarozko sei institututan hartuko dute programaren lantegi bat edo gehiago.
Hamabost lantegi
Bestalde, digitalizazioa landa-garapenerako gakoa dela jakin dakite ekimen honen bultzatzaileek, eta, horregatik, urtez urte ahalegin berezia egiten ari dira programa hau Iruñerritik kanpoko herrietara ere eramateko, herritar guztiei zerbitzu berbera eskaintzea delako herrien hustutze-arriskua saihesteko prebentziorik onena. Hala, IKT ikastaro zikloaren bitartez, Sarean Euskaraz proiektuak 15 lantegi antolatu ditu 14 herritan.