15.8. GJH: espezie inbaditzaileak, mehatxua munduko ekosistementzat

Espezie exotiko inbaditzaileak mehatxu larriak dira mundu-mailan naturarako, ekonomiarako, elikadura-segurtasunerako eta giza osasunerako.
15.8 helburuak dio neurriak hartu behar direla espezie exotiko inbaditzaileak sartzea saihesteko, eta, horrela, lehorreko eta uretako ekosistemetan duten eragina nabarmen murrizteko. IPBESen (biodibertsitatearen galerari buruz dagoen ezagutza aztertzen duen erakundearen) txosten
batek ohartarazi duenaren arabera, gizakiak 37.000 espezie inbaditzaile sartu ditu mundu osoko eskualdeetan, eta horietatik 3.500 kaltegarriak dira kolonizatzen duten ingurunerako.

Euskadin, bi espezie exotiko

Erakunde horrek berak adierazten du espezie exotiko inbaditzaileek funtsezko papera betetzen dutela landareen eta animalien munduko iraungipenen % 60an, eta honako hau nabarmentzen du: “Sarritan, mehatxu hori gutxietsi egiten da, eta ez da kontuan hartzen beranduegi den arte. Espezie exotiko inbaditzaileak mehatxu larriak dira biodibertsitatearentzat, eta kalte itzulezinak eragin ditzakete
naturan, tokiko eta munduko espezieen desagerpena barne”.
Euskadin, ingurune urtarrak eta haien ekosistema-kideak dira espezie inbaditzaileek nahiago dituzten guneak. Adibide moduan aipa daiteke jadanik gure lurraldeetan finkatu diren 20 animalia espezieetatik 19k gune horiek aukeratzen dituztela
bizitoki moduan. Landare inbaditzaileek ere ingurune urtar gehiago aukeratzen dituzte bizitzeko, ekosistema lurtarrak baino. Azken urteetan, Uraren Euskal Agentziak buru-belarri dihardu Euskadiko ur-masei eragin dieten espezie inbaditzaileen aurka, batez ere Fallopia japonica-ren eta zebra muskuiluaren aurkako lanetan. Lehenengoak kantauriar isurialdean ibaiertz zati handiak kolonizatu ditu jadanik. Espezie horren aurka abian jarritako ekimenen helburua populazioak desagerraraztea eta erriberako landaredi naturala indartzea da, lan egiten den guneetan. Zebra muskuiluari dagokionez, espeziea kudeatzea konplexua dela kontuan izanda, martxan jarri den ekimen-sorta bideratuta dago espezie horren hedapena gelditu eta ingumenari eta jarduera ekonomikoei egiten dien kaltea murriztera.