“Jaio nintzenetik dago herri-kiroletarako zaletasuna etxean”

Karmele Gisasola, Zelai III.a izenez ezaguna, Mallabian (Bizkaia) jaio zen orain dela 30 urte. Tradizioz gizonak nagusi izan diren kirolean nabarmendu da, eta oztopo ugari gainditu ditu euskal herri-kirolen munduan. Gisasolak hainbat lehiaketatan parte hartu du, aizkorarekin enborrak mozten trebetasun fisiko eta tekniko handia eraku-tsiz, eta titulu garrantzitsuak lortu ditu. Bere ibilbidea gaindi-tzearen eta saiatzearen adibide bat da, beste emakume batzuen-tzat bidea irekiz “gizonezkotzat” jotzen diren kirol-diziplinetan.

Lehenik eta behin, nor da Karmele? Nola definituko zenuke zure burua?
Karmele Gisasola Zenikazelaia naiz, 30 urteko mallabitarra, gaur egun landetxe baten ardura duena eta herri-kirolaria. Azkenaldi honetan, Zelai III.a izenarekin plazaratzen dena.


Nola deskubritu zenuen harri-jasotzeari buruzko interesa eta zerk inspiratu zintuen kirol tradizional
honetan hasteko?

Jaio nintzenetik dago herri-kiroletarako zaletasuna etxean. Aita harri-jasotzailea izandakoa da, eta haurtzaroan zein nerabezaroan aitarekin batera joaten nintzen berak parte hatzen zuen herri-kirol saioak ikustera edo beste modalitate batzuetako txapelketak ikustera. Beraz, herri-kirolen mundua txikitatik bizi izan dut. Beti izan dut zaletasuna, baina urte asko igaro ziren lehen aldiz
plazaratu nintzen arte.
Neba eta lehengusua oso txikiak zirela hasi ziren aizkoran, 4 urterekin. Nik eta lehengusinak, ordea, 17 urte genituela hartu genuen lehen aldiz tron-tza bat, aitak animatuta.

Emakume aitzindarietako bat izanik, zer oztopo gainditu behar izan zenituen harri-jasotzaile gisa hasi zinean?
Ez nuke nire burua aitzindari-tzat hartuko, ni harri jasotzen 2017an hasi nintzelako eta lehenengo Euskal Herriko Emakumezkoen harri-jasotze txapelketa 2008an jokatu zelako. Baina egia da azken urteotan bestelako bultzada bat izan duela emakumezkoen kirolak arlo denetan. Baita herri-kiroletan ere. Duela 10 urte, oso neska gutxi zeuden, eta, askotan, txapelketak egitea ia ezinezkoa zen. Gaur egun gehiago gara, eta hainbat txapelketa azken lau urteotan jokatu dira lehen aldiz: Donostiako Ulia Harri-jasotze Txapelketa 2022an jokatu genuen; emakumezkoen lehenengo pentatloi saria 2021ean jokatu genuen…


Hasi zinenetik hona, nola aldatu da emakumeen papera harri-jasotzean?
Nire ustez, nire aurretik ibili zirenek (Miren Urkiola, Mari Jose Sardon, Idoia Etxeberria) izugarrizko meritua zeukaten. Harri astunak jasotzen zituzten. Nik, ordea, harri txikiagoekin egin dut ibilbidea. Mutilen kasuan oso ondo bereizten da harriaren mundua: harri txikiak daude (100 – 150 kilo) bitarteko harriak direnak. Eta harri handiak (150 – 200 kilo), edo hortik goragokoak. Nesken kategorian, ordea, ez da oso ondo bereizten oraindik. Baina neska gazte batzuk hasi dira, oso indartsu eta teknika ikaragarriarekin.


Ba al dago orain arteko lorpenik handientzat jotzen duzun errekorrik?
Hainbat marka daude eginak. Nire aitak, adibidez, 10 minutuko hiru txandatan, 100 kiloko kopa 319 aldiz jaso zuen. Emakumezkoetan, Idoia Etxeberriak jaso du harririk astunena, 163 kilo bi eskuekin eta 118 kilo. Maddi Gesalaga da neskarik gazteena 125 kilo jasotzen, 15 urterekin jaso bai-tzuen. Niri harri astunak jasotzea baino gehiago gustatzen zait pisu txikiagokoa ahalik eta bizkorren jasotzea. Nire lorpenei dagokienez, ingude-jasotzean nik dut markarik onena, 99 kolpe 90 segundotan, 99 kolpe 90 segundoan. Penta-tloia irabazten lehen neska izan nintzen, eta pertsona bakarra naiz Donostiako Trinitate plazan Ulia harri-jasotze txapelketa irabazi duena, bai eta aizkorako Urrezko Kopa ere. Hau da, normalean harri-jasotzaile batek ez du aizkorako lehiaketan parte hartzen, eta alderantziz. Niri, ordea, harri-jasotzea eta aizkora, biak gustatzen zaizkit, eta oso zaila egiten zait bata edo bestea alde batera uztea.


Nola prestatzen zara fisikoki eta buruz txapelketa eta erakustaldietarako, jakinda harri-jasotzea oso zorrotza dela?
Laguntza handia behar da. Alde batetik, harri jasotzen entrenatu behar duzu; horretaz gain, gimnasioko lanak egin behar dituzu, eta zure kirolera gehien egokitzen den entrenatzailea bilatu, eta, nola ez, osasun mentala ere prestatu beharra dago, eta terapian ere ibili naiz.


Zure ibilbidean zehar, nabaritu al duzu jendeak emakumeak gehiago onartzen dituela kirol tradizional honetan?
Beti onartu gaituzte, baina egia da orain ikusgarritasun handiagoa dugula.


Indar fisikoaz gain, zer beste ezaugarri dira funtsezkoak harri-jasotzaile gisa arrakasta izateko?
Harri txiki zein handietan teknika eta indarra behar dira. Baina harri txikiekin egia da hauspo oso ona behar dela. Azken finean, harri txikiekin jasoaldi asko egin behar izaten dira.


Zer aholku emango zenieke zuk egiten duzun kirol zorrotz honetan zure urratsak jarraitu nahi dituzten gazteei?
Bakoitzak bere bidea egin behar duela. Ingurukoei begiratzea ondo dagoela, baina norbere
lanean zentratzeko.


Etorkizunari begiratzen badiozu, zer ikustea espero duzu harri-jasotzearen bilakaeran, bereziki emakumeen parte-hartzeari dagokionez?
Txapelketak aurrera ateratzeko beste jende egotea, eta, ahal dela, maila oneko erakusketak ikustea.


Karmeleri bere denbora librean zer egitea gustatzen zaio?
Denbora libre gutxi dut lanagatik eta kirolagatik, baina denbora badaukat, atseden hartzea edo leku politetan paseatzea gustatzen zait.