Lanpostua edo nortasun aldagaia edozein delarik ere, emakumeek laneko estres gehiago pairatzen dute gizonezkoek baino

Alabaina, badirudi laneko ezberdintasunak gai horietatik haratago ere badoazela eta buru osasunean ere eragiten duela. Bai, Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioak egindako inkesta baten arabera, gizonezkoek baino estres maila altuagoak pairatzen dituzte emakumeek lanean.

Zehazki, Malagako unibertsitateko Carlos Gamero estatistika eta ekonometriako irakasleak, The Conversation-en egindako argitalpen batean dioenez, Lan Baldintzen Kalitateari buruzko Inkesta honen emaitzetan oinarrituta, “emakumeen %36k estres maila oso altua jasaten dutela adierazten dute, eta gizonen %31k”. Baina ez da hor gelditzen kontua: aditu honek azaldu duenez, “ikerketa sakonago batek ondorioztatzen du estres maila horretan ez duela eragiten lan hobea edo okerragoa izateak edo nortasun aldagaiak”. Ez da bizimodu kontua, ez nortasunarena, ezta lanpostuarena ere. Erabat zeharkakoa da fenomenoa.

Baina, zergatik?
Gameroren arabera, gako batzuk daude. Lehenik eta behin, emakumeek etxeko lanetan duten konpromiso handiagoa. Emakumeek bulegoan euren lana egiteaz gain, etxeko lanak edo haurren zaintza ere gogoan izaten dute eta ardura horiek zaildu egiten dute estresa kontrolpean edukitzea. Bigarrenik, lan giroan emakumeenganako egon litezkeen jazarpenak daude. Zaila izaten da lanean lasai aritzea norbaiten inozokeria matxistak pairatu behar dituzunean edo zure nagusiaren asmo ez horren garbiak behatzen dituzunean. Emakume askok sekula onartu ez badute ere, lan-ingurune askok jazarpena islatzen dute.

Eta azkenik, bazterkeriak eta berdintasun ezak berak dakartzan ondorio psikologikoak daude. Emakumeek, sari berbera lortzeko, gizonezkoek baino lan gehiago egin behar dute eta, horregatik, euren buruei presio gehiago ezartzen diete. Ardura gehiago hartzen dituzte euren gain irudi ona eman nahian. Noski, hau guztia ez da emakumeen errua, banatu dizkiguten kartetik ari gara jolasean. Oso gaizki banatuta daude eta karta-joko honetan batzuk tranpa egiten dute gainera.