Game Erauntsia Elkarteak eta Azkue Fundazioa Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren zazpigarren edizioa egingo dute larunbatean, azaroaren 9an, Bilboko Euskararen Etxean.
Euskal Herriko bideojokozale eta garatzaileen biltzarra da Jokoteknia, eta aditu asko bilduko dira bertan, zaletasun hau ikuspegi ezberdinetatik lantzeko.
Goizean lau hitzaldia eta mahai-ingurua izango dira. Unai Arrugaeta lehen hezkuntzako irakasleak bideojokoak mugatzeko eta erabiltzeko aholkuak plazaratuko ditu, eta Ibai Oihanguren software ingeniari eta bideojokozaleak, berriz, itzulpengintzari nahiz euskaratutako bideojokoei buruz hitz egingo du. Ondoren, Maite Martinez Atabey Creations estudioko kideak bideojokoen marketingari lotutako diseinuaren gakoen inguruan arituko da eta, azkenik, Mikel Antero Keplerians taldeko arte zuzendariak Glitchmare bideojokoen sormen prozesua aurkeztuko du. Mahai-inguruan Harrobia, Tartanga eta DigiPen Europe-Bilbo ikasteetxetako ikasleek parte hartuko dute, ikasketei zein Euskal Herriko bideojokoen industriari buruz hausnartzeko.
Arratsaldean, 16:00etatik 19:00etara, euskarazko bideojokoen erakustaldia egingo dute Gamer Gelan. Euskarazko jokoak ezagutu eta probatzeko aukera izango da bertan.
Sarrera irekia da eta edonor bertara daiteke, goizez zein arratsaldez. Streaming bidez ere jarraitu ahal izango da EITBren Youtube kanaletik.