Marte Lasartek ‘Ez da besterik’ lehen diskoa kaleratu du

Skakeitan taldean elkarrekin aritutako Borja Anton eta Pello Armendarizek sortu zuten Marte Lasarte proiektua, eta Lore Nekane Billelabeitia eta Alex Alonso batu ziren gero. Hiru aurrerapen kantu aurkeztu ondotik, Ez da besterik diskoa, taldearen lehena, kaleratu berri dute. 

Zortzi abestiz osatutako diskoa da, Jon Badirekin batera ekoiztua eta Haritz Harreguyren estudioan grabatua. Taldeak azaldu duenez, “egunerokoan ematen diren argazki batzuk azaleratzen dizkigu, bakoitza bere argi eta itzalekin, eta horien inguruko ikuspegia ematen digu, elkarbanatzeko egia baten bidean. Maitasuna, desplazamenduak, denboraren martxa, dialektika, heriotza, gezurra, lana eta, oro har, gure arteko harreman moldeak dira lan luze honetan hizpide”.

Musikari dagokionez, “zaila” iruditzen zaie abestiak estilo bakar batean sailkatzea, “pista bakoitzak bere nortasun propioa baitauka”. Hala ere, estilo hauek antzeman litezke kantuetan: post-punk, drum´n´bass, dark pop, pop-rock, fuzz-punk, indie-pop, new-wave, eta elektronika.

Gertuko musikarien parte-hartzea ere bada diskoan. Juanjo Berasain eta Sara Zozayaren kolaborazioak daude Anek ezagutzen zaitu eta Hileta abestietan. Hileta abestian bestelako lagun batzuk ere izan dituzte ondoan: Aitor Valcarlos eta Jonathan Quiñones haize instrumentuekin, eta Maria Bustos eta Enekoitz Martínez soketan. Valcarlos eta Quiñones Grabitaterik gabe kantuan ere aritu dira. Skakeitan taldean taldekide izandako Olatz Salvadorrek, berriz, koroak egin ditu Basamortua kantuan.

Alcala Norte talde madrildarrarekin batera emango dituzte kontzertu batzuk. Asteburuan Madrilen jo dute, eta honakoak izango dira hurrengo hitzorduak: azaroaren 30ean, Donostiako Dabadaban; abenduaren 27an, Iruñeko Santas Pascuas jaialdian; urtarrilaren 17an, Gasteizko Jimmy Jazzen eta urtarrilaren 18an, Logroñoko Fundicion aretoan.