Emakumeak hitz egiteagatik zein isilik egoteagatik epaituak izaten jarraitzen duten garaian bizi gara oraindik ere, zoritxarrez. Ester Expósito-k, 2024ko Bazaar Women of the Year New Generation saria jasotzean, bere ahotsa altxatu eta borroka honetan bere ekarpena egitea erabaki du. Hogeita lau urteko aktoreak, telebista eta zinemaren munduko izen garrantzitsuenetakoa denak, agertokira igo zen unea baliatu nahi izan zuen genero indarkeria mota ezberdinen inguruan mintzatzeko eta sare sozialen eraginaz hausnarketa indartsua zabaltzeko. Bere hitzaldiak, pantailak eskaintzen duen immunitatearen aurrean bizi dugun egoera larriaren salaketa ausarta nabarmendu zuen.
“Lehenik eta behin, nire babesa bidali nahi diet abusuen biktima diren emakume guztiei. Hemen zaudeten guztiei ere eskerrak eman nahi dizkizuet entzutegatik. Nire sentimenduak askatzeko aprobetxatuko dut une hau”, hasi zen esaten espainiar aktorea. “Duela egun batzuk emakumeok jasaten ditugun indarkeria mota guztiez hausnartzen aritu nintzen, eta konturatu nintzen, sare sozialen bidez emakume baten gorputza kritikatzea eta berau epaitzea normalizatu egin dela. Horrelako ekintzak egiten dituzten pertsona horiei esan nahi diet hori ez dagoela ondo. Egokia beste norbaiten fisikoaz iritzirik ez ematea da, eta are gutxiago publikoki. Are gutxiago, gainera, besteaz ezer ez badakizu”, adierazi zuen gogor Expósito-k.
Egoera mota hauek kudeatzeko “beharrezko tresnak eskuratzera behartua sentitu” dela aitortu du aktoreak eta “nekatuta eta haserre” zegoela, eguna joan eguna etorri, bere itxuraren inguruko iruzkinak irakurri behar izateagatik. Azken asteetan sare sozialen bidez jaso duen epai publikoari buruz ere hitz egin zuen Expósito-k, urteotan estetikoki egin “omen” dituen aldaketen inguruan. “Hala izango balitz, eskubide osoa izango nuke, eta ez daukat ezezagun bati azalpenik eman beharrik; nire aurpegia da, eta nik nahi dudana egiten dut berarekin. Baina ez da hala, pisu apur bat hartu dut, besterik ez”, jarraitu zuen. “Sinetsi ala ez, emakumeak ere, gizonezkoak bezala, hazi egiten gara, aldatu egiten gara, gizendu eta argaldu. Eta eskerrak, horrek esan nahi baitu bizirik gaudela eta ez garela panpinak”, berresten zuen Esterrek bertan bildutakoen txalo eta oihuen artean.
Ester Expósito-k, kritika bat egin aurretik, besteekiko batasuna eta enpatia eskatu nahi izan ditu: “Utz diezaiogun besteak luparekin aztertzeari, ez epaitu hain zorrotz, batez ere emakumeak; ez baitakizu zer ari zaion gertatzen pertsona horri, zerk eragin dio aldaketa fisiko hori”.