UNAI GANDARIAS /2020-05-29/ Covid-19 gaitzaren pandemiak osasunean eta osasun zerbitzuetan dituen ondorioak dira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritarren kezka nagusia (%62,5), egoera ekonomikoaren (%38,9) eta langabeziaren (%37,5) aurretik. Gainera, osasuna eta osasun zerbitzuak lehan aldiz sartu dira EAEko lehenengo bost arazo nagusien multzoan (%18), lan baldintzen eta klase politikoaren (%14,1na) aurretik.
Deustuko Unibertsiteak lantzen duen Deustobarometro Sozialaren 14. edizioan bildutako datuak dira. Unibertsitate bilbotarrak ostiral honetan argitaratu ditu inkestaren emaitzak, http://barometrosocial.deusto.es/ web orrian, eta euskal gizartearen informazio sozial, ekonomiko eta politiko berria eman du, koronabirusaren testuinguruan.
Horrela, besteak beste, EAEko herritarren %61ek aitortu du covid-19ak eragin txarra izan duela bere etxeko ekonomian, eta herenak uste du eragin hori iraunkorra izango dela.
Gainera, konfinamenduan zehar lanean jarraitu dutenen %40k dio lan zama handiagoa izan duela eta lan baldintzak negoziatzeko ahalmena galdu duela.
Ildo horretan, herritarren %54 telelana orokortzearen aldekoak da, produktibitatea areagotu eta norberaren bizitza eta lana bateratzea errazten duelakoan. Telelanean ari direnen artean, portzentaje hori %70era igotzen da.
Halaber, guraso gehienek uste dute osasun alarma egoerak eragindako konRnamenduan haurrek egin behar dituzten eskolako lanetarako familiaren laguntza handiegia behar dutela (%61,3) eta irakasleen laguntza handiagoa beharko luketela (%66,6).
Bestalde, euskal herritarrek ez lukete onartuko gastu publikoa murriztea osasun zerbitzuetan (%79), hezkuntzan (%65), pentsioetan (%63), langabezia prestazioetan (%39) eta zientzia eta ikerketa eta garapeneko inbertsioetan (%38).
Deustobarometroaren arabera, azken krisi ekonomikoaren unerik txarrenean ezarritako “marra gorri berberak” dira. Aldaketa esanguratsu bat egon da ordutik hona: garrantzi handiagoa ematen zaio ingurumena babesteari, arlo horretan murrizketarik nahi ez dutenak %9tik %19ra igo baitira.
POLITIKA
Bestalde, EAEko herritarrek suspenditu egin dituzte Eusko Jaurlaritza (4,2) eta Espainiako Gobernua (3,5), pandemian zehar kontuak emateari eta garden aritzeari dagokionez.
Halaber, izurrian izandako jokaeran, Pedro Sanchez (4,2), Iñigo Urkullu (4,1) eta Pablo Iglesias (4) baloratu dituzte hobekien, eta ondoren, Maddalen Iriarte (3,9), Idoia Mendia (3,6) eta Miren Gorrotxategi (3,6). Txarren baloratuak dira Carlos Iturgaitz lehendakarigaia (1,2), Pablo Casado (0,8) eta Santiago Abascal (0,2).
Gainera, EAEko herritarren %19k uste du Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoera euskal autogobernua mugatzeko baliatu dela, eta %28ren ustez, funtsezko askatasunak eta eskubideak mugatzeko aprobetxatu da.
Bestalde, herritarren %57k esan du konRnamenduan balkoi eta leihoetara atera dela osasun zerbitzuetako langileei txalo egiteko, eta gogo aldarte positiboak (poza, dibertsioa, bakea), sentimendu negatiboak baino ohikoagoak izan dira EAEko etxeetan. Dena dela, kezka izan da nagusi euskal herritarren artean: %70ek aitortzen du inoiz beldur izan dela konRnamenduan. KonRnamendua betetzeko arrazoi nagusia kutsatzeko beldurra izan da (%73,5).