Jaurlaritzak kultur eragileentzako sorturiko aholkularitza zerbitzuak 461 kontsulta jaso ditu hilabetean

Antzerkia, ikus-entzunezkoak eta musika izan dira kontsulta gehien jaso dituzten sektoreak.

UNAI GANDARIAS /2020-05-29/ Eusko Jaurlaritzak kultur eragileentzako martxan jarri duen aholkularitza zerbitzuak 461 kontsulta jaso ditu duela hilabete martxan jarri zenetik, eta kontsulta horien guztien %47,5 langile autonomoek egin dituzte. Kontsulta gehien jaso dituen sektoreak izan dira antzerkia (153), ikus-entzunezkoak (146) eta musika (125).

Gainera, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak jakinarazi duenez, kontsulten %95,4 lotuta egon dira covid-19aren krisiak kulturaren munduan izan dituen ondorioak arintzeko administrazioek abian jarritako laguntza eta prestazioekin.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak apirilaren 24an abiatu zuen kultur arloko langileei zuzendutako aholkularitza zerbitzua, covid-19aren krisiaren ondorioei aurre egiteko bultzatutako laguntza eta neurriei buruzko informazio guztia errazteko.

Zerbitzua Kulturklik Pro plataformaren bidez eskaintzen da: https://www.kulturklik.euskadi.eus/aholkularitza/. Gainera, kultur sektore desberdinetako profesionalei eta eragileei zuzendutako bi gida ere eskuragarri daude.

Jaurlaritzak kultur eragileentzako sorturiko aholkularitza zerbitzuak 461 kontsulta jaso ditu hilabetean

Horrela, kontsultak egin dituzten herritarren %47 inguru autonomoak izan dira, eta besteren konturako langileak ia %25. Halaber, %8 beste batzuen kategorian kokatu dira, eta beste %8 sozietate mugatu gisa. ‘Beste batzuk’ kategoriaren barruan daude, adibidez, azken hilabeteetan inolako diru sarrerarik izan ez duten pertsonak, besteren kontura edo autonomoen erregimenean kotizatzen ari ez direnak eta arazo gehigarriak izan ditzaketenak.

Kultur sektoreei erreparatuz gero, antzerkia (%33), ikus-entzunezkoa (%32 inguru) eta musika (%27) izan dira nagusi. Nabarmen atzerago daude arte bisualak (%11,9), dantza (%11, 5) eta liburua eta literatura (%6,9). Halaber, kulturaren balio kateari dagokionez, sorkuntza (%56), ekoizpena (%35), erakusketa (%24) eta prestakuntza (%22) nabarmendu dira.

Kontsulten arrazoi zehatzei dagokienez, gehienek laguntzak eta prestazioak izapidetzearekin izan dute zerikusia (%95), eta zalantza ohikoenak izan dira Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafeen ingurukoak (%26,5), laguntza lerroen bateragarritasunaren ingurukoak (%23,5) edo, besterik gabe, kulturarako laguntza espeziYkoei buruzko informazio orokorraren eskaera (%19,1). Azken astean, kontsulten %73k zerikusia izan dute Jaurlaritzak kulturako langileei eskainitako laguntzekin.

HIZKUNTZA ETA GENEROA

Bestalde, kontsultak bideratzeko erabili den hizkuntzari dagokionez, %34k kontsulta euskaraz kudeatzeko eskatu dute, eta %66k gaztelaniaz. Generoari erreparatuz, zerbitzuaren funtzionamenduko bost asteetan, kontsulten %48 gizonek egin dituzte, eta %46 emakumeek. Halaber, zazpi pertsonak ez bitarra direla adierazi dute (guztizkoaren %1,5), eta 18 lagunek ez dute erantzun (%3,9).

Azkenik, kontsulten jatorriari erreparatuta, %49 Bizkaian lan egiten duten edo bizi diren pertsonek eta erakundeek igorri dituzte, eta %38 Gipuzkoatik iritsi dira. Azkenik, kontsulten %12 inguru Arabatik egin dira.

Zerbitzua abian izan den laugarren eta bosgarren asteen artean, ehunekotan behera egin dute Bizkaiko eta Gipuzkoako kultur eragileek egindako kontsultek, eta gora, berriz, arabarrek egindakoek.