Suizidioa gai tabua da oraindik ere, baina, zorionez, gero eta gehiago hitz egiten da osasun mentalaz eta suizidioaz. Eustaten datuen arabera, EAEn, esaterako, 141 lagunek egin zuten bere buruaz beste iaz, horietatik 105 gizonezkoak eta 36 emakumezkoak. Suizidioaren prebentzioak berebiziko garrantzia du beraz.
Bere buruaz beste egiten duten pertsona gehienek euren asmoa adierazten dute. Hori dela eta, garrantzitsua da seinaleak nabaritu eta laguntza eman ahal izatea, berandu izan baino lehen. Hala ere, aipatu behar da ez dela beti hitzez adierazten edo alarma seinalerik izaten, ezkutatu egiten dutelako batzuek.
Hona hemen kontuan izan beharreko jokaera edo arrastoak:
- Bere buruaz beste egiteko asmoa duela modu irekian adieraztea, ahoz edo idatziz.
- Heriotzarekiko interesa izan eta suizidatzeko moduak aztertzea. Batzuetan arma bat eros dezakete edo pastillak.
- Besteentzako zama dela sentitzea.
- Itxiera ematea gauzei: kontu korronteak, testamentua, ingurukoak agurtzea, berarentzat baliotsuak diren gauzak oparitzea…
- Aldarte aldaketa nabarmenak, oso pozik egon egun batean eta hurrengoan oso triste.
- Droga eta alkohol gehiago edo maiztasun handiagoz kontsumitzea.
- Arrisku handiagoak hartzea, esaterako abiadura handiagoz gidatzea.
- Lo ohituran aldaketak, asko lo egitea edo oso gutxi.
- Ikasketetan edo lanean errendimendua jaistea.
- Kirolik edo ariketa fisikorik ez egitea.
- Gustuko zituen jarduerak uztea.
- Elikaduran aldaketak, gehiegi jatea edo oso gutxi.
- Ingurukoengandik urruntzea. Lagunekin edo familiakoekin atera nahi ez izatea, kasu batzuetan ezta etxetik edo logelatik ere.
Zer egin seinaleez konturatuz gero?
Lagun edo familiakoarekin suizidioaz hitz egitea ez da kalterako izango, bere emozioak adierazten lagunduko dio eta baita laguntza eskatzen ere. Une eta toki egokia topatu, galdetu nola sentitzen den eta entzun. Enpatikoa izan, ez kritikatu eta ez epaitu bere sentimenduak. Ez larritu eta ez gutxietsi bere pentsamendu eta emozioak. Saiatu maitasuna erakusten eta laguntzeko zaudela ikusarazten. Laguntza profesionalera jo dezan saiatu. Ez hitz eman sekretuan mantenduko duzula, bere bizitza arriskuan badago, laguntza eskatu beharko baituzu.