Sareko edo telefono bidezko iruzurrak sahiesteko aholkuak

Gero eta ohikoagoak dira telefono zein sare bidezko iruzurrak. Ingelesez phishing terminologia erabiltzen da halakoak izendatzeko. Ohikoa da erosketak eta ordainketak online egitea, eta gure datuak ere eman ohi ditugu, batzuetan zuhurtzia handirik gabe. Norberak kontratatutako konpainia baten, bankuaren… izenean ari direla esan, norbanakoa engainatuz, eta datu pertsonalak, bankukoak, erabiltzaile izenak eta bestelako informazioa eskuratzen dute formularioa betetzeko eskatuz, ordainketa bat eginez edo zuzenean datuak emanda.

Iruzur mota ezberdinak daude, erabilitako bitartekoaren arabera; phishinga, posta elektronikoa erabiltzen dutenean; smishing-a: mugikorreko SMSak erabiltzen dituztenean; eta vishing-a, telefono deiak erabiltzean. QR bidezko iruzurrak, qrishinga, eta sare sozialen bidezkoak ere baude, Whatsapp-a erabiliz esaterako. Sareetan behin baino gehiagotan ikusi ditugu, adibidez, mezularitza aplikazioen bidez, familiako kide bat dela sinetsarazi eta larrialdi bat tarteko, bizum bidez dirua bidaltzeko eskatzen duten iruzurrak.

Zer egin dezakegu halako iruzurrak saihesteko? Hona hemen aholku batzuk:

  • Bidaltzailearen izena ofiziala dela begiratu. Erreparatu mezuei izenak,helbidea eta datuak bat datozen ikusteko.
  • Ez klik egin susmagarriak diren mezuetako esteketan. Itxura arraroa badu, hobe bertara ez sartzea.
  • Ondo begiratu webgunea ofiziala eta segurua dela. Esteka bidaltzen dute iruzur egiteko webguneetara, eta askotan gune ofizialaren oso antzekoak izaten dira. Ziurtatu URLa bera dela; https jarri behar du web-helbidearen aurretik, eta giltzarrapoaren segurtasun-ikonoa eduki behar du. Zalantza baduzu, webgunea ofizialera jo zuzenean. 
  • Ez ireki fitxategi erantsiak. Dokumentu bat, faktura bat... erantsita izaten dute batzuetan eta gailua infektatzeko arriskua izaten da, beraz, ez deskargatu edo ireki, iturria zalantzazkoa denean.
  • Telefono zenbakia ezagutzen ez baduzu, sarean begiratu. Sarritan bilatzailean zenbakia jarriz gero, iruzurra edo spama dela ikus dezakezu.
  • Ezagutzen ez duzun zenbaki batetik deitu badizute eta deiari erantzun ez badiozu, ez deitu bueltan. 
  • Ezabatu mezu elektroniko eta SMS susmagarriak. Ohikoa da enpresa bateko langileren baten identitatea ordeztuta iruzurrezko mezuak bidaltzea, sari edo opariren bat amu gisa erabilita. Mehatxu bat ere izan daiteke amua: datuak eguneratzeko eskatuko dizute, bestela kontua galduko duzula esanez. 
  • Ez eman informazio garrantzitsurik. Konpainiek eta erakundeek ez dituzte telefonoz eskatzen banku-kontuaren datuak edo pasahitzak. Hobe da konpainiaren ohiko telefono zenbakira deitu eta ziurtatzea.
  • Informazio pribatua saretik kanpo izan. Ez gorde zure banku-txartelak, zure identifikazioa, pasaportea edo datu pribatuak plataforma digitaletan.
  • Birusen aurkako programa instalatu ordenagailuan eta telefono mugikorrean. Babestuago egongo zara hala.
  • Ez erabili wifi publikorik zenbait kontutan sartzeko. Banku-izapideak egiteko, erabiltzaile-izena eta pasahitza jarri behar dituzun orrietara sartzeko, eta horrelakoetarako, hobe norbere wifi pribatutik egitea.
  • Sistema eragilea eguneratu. Tarteka sistema-eragilea eta aplikazioak eguneratu.
  • Pasahitzak zaindu. Leku guztietan pasahitz bera ez izatea gomendatzen da, eta pasahitza sinpleegia ez izatea. Ez erabili zure abizena, zure izena edo zure jaioteguna. Letra xeheak eta maiuskulak, zenbakiak eta karaktereak txandaka dituzten pasahitzak erabiltzea babeserako bidea da. Tarteka aldatzea ere komenigarria da. Eta, noski, ez partekatu. Ahal baduzu, erosoagoa den arren, ez utzi guneetara sartzeko pasahitzak nabigatzailean gordeta, automatikoki sartzeko.
  • Blokeatu telefono-zenbaki eta SMS susmagarriak. Parte onekoa ez dena blokeatzea hobe, etorkizuneko arriskuak saihesteko.
  • Bankuko kontu korrontea begiratu tarteka. Kontuak begiratzea komeni da, espero ez genuen edo ezagutzen ez dugun nonbaitetik dirua kendu diguten ikusteko. Ordainketa susmagarriez jabetzeko modu eraginkorrena da.