Kontseiluak eta Martin Ugalde Foroak ‘Euskara ere normalitaterantz?’ mahai ingurua antolatu dute

Josu Amezaga, Idurre Eskisabelekin eta Amelia Barquinekin batera hartuko du parte mahai inguru honetan.

UNAI GANDARIAS /2020-05-29/ Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Martin Ugalde Foroak mahai ingurua antolatu dute elkarlanean, ‘Euskara ere normalitaterantz?’ izenburupean, ‘Geroa euskaratik’ kanpainaren baitan. Ekainaren 4an izango da, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, eta 25 lagunentzako lekua egongo da, beti ere aldez aurretik martinugalde@kulturparkea.eus helbidean izena emanez gero.

“Normalitate berri bat dugu jokoan, covid-19ak agerian utzi dituen hutsune eta desberdinkeriei aurre egiteko bestelako neurri eta erabakiak hartu behar baitira. Eta iparrorratz horretan euskarak ere egon behar duela ziur da Kontseilua, bai behintzat gizarte berdinzale, kohesionatu eta demokratikoago bat eratu nahi badugu”, adierazi dute Kontseilutik.

Mezu hori nabarmentzeko abiatu du Kontseiluak ‘Geroa euskaratik’ dinamika, euskalgintzako eta bestelako norbanako zein taldeen babesarekin. Hainbat ekimen antolatu dira, eta horietako bat izango da ekainaren 4an Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egingo den ‘Euskara ere normalitaterantz?’ mahai ingurua. Josu Amezaga, Idurre Eskisabel eta Amelia Barquin izango dira parte hartzaileak.

Geroari begira eman beharreko urratsei buruz jardungo du mahai inguruak. Izan ere, Kontseiluaren arabera, “covid-19aren krisiak zera erakutsi digu: alde batetik, hizkuntza eskubideak bigarren mailakotzat jotzeko joera dagoela erakunde eta bestelako agenteen partetik, gutxitutako eta zaurgarrienen eskubideak eta beharrak izan direlako kaltetuenak; ‘Euskara ere normalitaterantz?’ mahai ingurua antolatu dute Kontseiluak eta Martin Ugalde Foroak bestetik, etorkizuna beste modu batera planteatu behar dela, hain zuzen ere, gizarte kohesioa eta denon eskubideak bermatzeko”.

Horregatik, azaleratu diren premia, erronka eta aldeketen aurrean, euskarak zein ekarpen eta zentralitate ukan beharko lukeen aztertuko du mahai inguruan, hainbat ardatzetatik. “Izan ere, sinestuta baikaude euskararen normalizazioak bestelako gizarte normalizazio batean lagundu dezakeela, eta ertz horiei helduz hitz egin nahiko genuke euskararen garapenaz. Horregatik izenburua: ‘Euskara ere normalitaterantz?'”, azaldu dute.

HIZLARIAK

Begirada anitzetatik gaiari heltzeko, esparru ezberdinetan ari diren hiru gonbidatu elkartuko ditu Kontseiluak. Alde batetik, Josu Amezaga Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) soziologoa izango da, euskara, euskal kultura, hedabideak eta identitatea aztertzeko, besteak beste.

Bestetik, Idurre Eskisabel kazetari eta EHUko irakaslea ere gonbidatu dute, genero, nazio identitate eta euskara eta feminismoaren arteko elkargunea lantzen dituelako, besteak beste. Azkenik, Amelia Barquin ere izango da, kultur eta hizkuntza aniztasunean eta hezkuntzan aditua den HUEZIko irakaslea. Gidari lanetan Goizalde Landabaso kazetaria arituko da.

Martin Ugalde Kultur Parkeko areto nagusian egingo da mahai ingurua, eta ondorioz, ikus- entzuleek bertatik bertara solasaldia jarraitzeko aukera izango dute. Izan ere, segurtasun neurri guztiak beteta, 25 lagunentzako lekua egongo da. Kopuru mugatua denez, joan nahi duenak aldez aurretik izena eman beharko du martinugalde@kulturparkea.eus helbiera idatziz.

Mugak muga eta neurriak neurri, aurrez aurre elkartzearen aukera izatea garrantzitsua dela uste dute Kontseiluak eta Martin Ugalde Foroak, “elkartzeak eta elkarrekin pentsatu eta jarduteak aparteko garrantzia duela erakutsi baitigu krisiak”.

Hala ere, etxean geratu nahi duenarentzat streaming bidez jarraitzeko aukera eskainiko du ‘Berria’-k. Gainera, #geroaeuskaratik traola erabiliz galderak ere egiteko aukera izango dute ikus-entzuleek. Mahai inguruaren amaieran galdera horietako batzuk hautatu eta zuzenean egingo zaizkie gonbidatuei.