Urrats Endika eta Xabiren arteko adiskidetasunetik sortutako taldea da, erromerietan jotzeko talde bat osatzea erabaki baitzuten. Getxoko Andra Mari jaietan eman zuten lehen kontzertua, eta, ordutik, esperientzia ahaztezinak pilatu dituzte. 10 urteko ibilbidearen ondoren, taldeari amaiera ematea erabaki dute, bizitako guztia eskertuz eta proiektu berriak aztertzeko gogoz.
Nola sortu zen erromeria talde hau osatzeko ideia?
Endikak (gitarrista) eta Xabik (baxu-jotzailea), betidanik kuadrillakoak izanik, gaztaroan zehar musikarako zaletasun handia garatu zuten, eta elkarrekin zerbait sortzeko ideia bururatu zitzaien. Horrela, erromeria talde bat sortzea erabaki zuten. Taldea osatzeko, inguruan zeuden beste musikari batzuekin harremanetan jarri ziren.
Zein izan zen zuen lehen emanaldia eta nola sentitu zineten orduan?
Gure lehen emanaldia Getxoko Andra Mari jaietako asteazken batean izan zen, palet batzuen
gainean. Ez zen jende asko izan bertan, baina lagunak, familia eta despistaturen bat hurbildu ziren eta primeran pasatu genuen. Gure ibilbidea eta gaur egun garena zehazteko hasiera ezin hobea, ez dugu aproposagorik imajinatzen.
“Taldea uztea beste gauza bat egiteko aukera dela bezala ulertzen dugu”
Zein izan da jo duzuen ekitaldirik gogoangarriena?
Zaila da esaten. Hasieran, gazte-gazteak ginela, ilusio handiarekin joaten ginen edonora, eta gogoangarria izan daiteke hasierako edozein. Anekdota ugari daude kontzertu batzuetan, eta noizean behin komentatu egiten ditugu, nostalgia pertsonalagatik edo… Hala ere, burura datozkidan kontzertu batzuk hauek dira: Gernika 2017, rockeroz mozorrotuta, Algorta eta Portu Zaharreko jaiak 2018an, Bilboko Kaixo konpartsan egindako hainbat emanaldi, Plentziako Danontzat gaztetxean egindako kontzertuak zoramena ziren harrera aldetik… Koronabirusaren ondorengo lehen kontzertua Sondikako inauterietan. Hunkigarria benetan. Aurten, Iralako jaietan. Esker mila Irala eta inguruko guztioi!
Zuentzat erromeria zer da, jaia edo lana?
Galderarik zailena… Lana baino konpromisoa dela esango genuke. Askotan, parrandan baino gehiago disfrutatzen dugu kontzertuan bertan, baina konpromisoa da, gustatzen zaizkigun beste gauza asko alde batera utzi behar izaten baititugu, oporrak, adibidez.
Nola maneiatzen duzue taldearen dinamika biretan eta emanaldietan?
Negualdean, inauterietan bakarrik jo ohi dugu, kontzertu gutxi, abesti berriak probatu eta hobetu beharrak ikusteko. Maiatzeraino saia-tzen gara lasai ibiltzen, bestela erreta buka dezakegu, eta argi daukagu guk disfrutatzen dugunean publikoak hori igarri egiten duela eta eurek ere gehiago disfrutatzen dutela. Horrela, uda gogotsu hartu, eta urrira arte-edo topera ibiltzen gara. Ondoren, deskantsua berriro. Gure emanaldiek 3 ordu irauten dute. Abestiak mul-tzoka jotzen ditugu, 4-5 abesti gelditu barik joz, genero ia guztietako abestiak nahastuz eta taldekide guztiok abestuz. Horrela, kontzertua oso dinamikoa da. Hasiera indar-tsua; ondoren, mota guztietako abestiak nahasten ditugu, eta azken ordu apoteosikoa egin ohi dugu.
Nola ikusten duzue berbenetako musikaren bilakaera hurrengo urteetan?
Erromerien estiloa aldatu egin da azken urteetan. Ildo tradizionaletik irten gara gaur egungo erromeria gehienak. Guk, adibidez, ez dugu folklore asko egiten. Erromeria beharrean, berbena bihurtu gara, agian? Edo gaur egungo euskal musika ezberdinera moldatu gara? Ez du eran-tzunik. Erromeria talde gazte asko hasi dira azken urteetan, eurek ikusi beharko dute norantz jo. DJak ere gehiago ikusten dira, eta ez da txarra, baina sortzen den giroa oso ezberdina da.
Etorkizuneko zer proiektu dituzte aurreikusita taldearentzat?
Ez dakigu. Musikarik gabe geratuko ez garela gauza ziurra da. Taldekide batzuk badituzte euren proiektuak; beste batzuek deskantsutxo bat hartuko dute, eta ziur zeozertan hasiko direla. Baina bertsioak bukatu dira guretzat.
Aurten, 10 urteren ondoren, azken bira iragarri duzue; erabaki gogorra izan zen? Nolako eragina izan du ikusleen artean?
Alde batetik, bai, gogorra da. 10 urte pasa ditugu eszenatokietan, eta ezin da azaldu nola igarriko dugun kontzertuen falta. Hala ere, bizitzak etapak ditu, eta ez dugu gauza batean gelditu nahi, gauza asko egin nahi ditugu. Horregatik, taldea uztea beste gauza bat egiteko aukera dela bezala ulertzen dugu. Erraza ez da, baina zorionekoak izan gara bizi izan duguna bizi ahal izateagatik, eta orain beste gauza batzuk bizitzeko gogotsu gaude. Ikusle asko hurbildu zaizkigu edo ida-tzi digute, gure falta sumatuko dutela eta holako gauzak esaten. Pilo bat eskertzen dizkizuegu guztioi halako hitzak. Jakin ezazue plazera izan dela zuekin egon izana urte hauetan. Azken kontzertu bat prestatuko dugu behar bezala agurtzeko.