Bizkaiko “Sorginen Jauregia”, madarikatua eta gaur egun arte utzia

Gueñesko irteeran, Zallarako bidean dagoen muino baten gainean, Amezagako jauregiaren hondakinak daude. Eraikina 1709an eraikitzen hasi zen, baina ez zen inoiz amaitu. Gertaera horrek eta beste fenomeno ba-tzuek hainbat elezahar ilun sortu dituzte testuinguru paranormala duen herri-iruditerian, eta, horren ondorioz, jauregia Sorginen Jauregia izenez ere ezagutzen da.


Jauregi bukatugabea Amezagako jaunen jabetzako aurreko beste etxetzar baten gainean dago.
Kondairak dioenez, XVIII. mendearen hasieran, Baltasar Hurtado de Amezaga, Riscal de Alegreko markesa, Gueñesko jaurerrian errotutako familia garrantzitsuenetako bateko kidea zen. Felipe V.a erregearekin adiskidetasun handia zuen, eta Gueñes bisita-tzera eta herrian bere etxean bezala sentitzera gonbidatu zuen. Erregeak haserre erantzun zion: “Gueñesen ez dago Espainiako Erregeari ostatu emateko etxe egokirik”. Bere ohore zauritua erreparatzeko, Baltasar Hurtado de Amezagak, 1709an, XVIII. mendeko euskal arkitekturan eragin handia izan zuen Martin de Zaldua arkitekto gipuzkoar ospetsuari errege batentzat duina izango zen jauregi handi bat eraikitzeko enkargua egin zion.


Amaitu aurretik, Hurtado de Amezaga markesa hil zen, eta lanak gelditu egin ziren. Puntu horretara iritsita, jauregiari buruzko elezaharrak sortzen hasi ziren. Horietako batek dio Amezagatarren semeetako bat gaixotasun kutsakor baten ondorioz hil zela. Hil ondoren, arropak alboko familia bateko semeari oparitu zizkioten. Semeak hildakoaren adin bera zuen, eta laster gaixotu eta hil zen. Amak, lur jota, burua galdu zuen azkenean, eta garrasiak eta auhenak bata bestearen atzetik etorri ziren… Gaur egun, ama horren auhenak entzun daitezke, semeari deika.

Oinordekoen heriotza bitxia
Urteak igaro ziren, eta Amezaga familiako sei seme-alabek aitak hasitako lana jarraitu nahi izan zuten, baina bata bestearen atzetik hiltzen joan ziren, obrak hasi ahala, eta ezin izan zuten aitaren proiektua amaitu. Beste batzuek diote jauregia ezin izan zela amaitu, bertan lanean hasten zen oro hil edo gaixotu egiten zelako. Diotenez, Baltasar Hurtado de Amezagak bere testamentuko klausuletako batean idatzi zuen: “Agintzen dut ez dadila inoiz jauregia amaitu, ezta saldu ere”. Eta horregatik egiten zaio madarikazioa hildako baten desioari kontra egin nahi dionari.


Hala ere, bertako azti batek haren heriotza misteriotsuan parte hartu zuela uste da. Beste kondaira batek dio jauregia altxatzeko obra egiten ari zirenean bertan lan egiten zuen igeltsero baten alaba egunero joaten zela aitari janaria eramatera. Amezagako jaunak bere-tzat nahi izan zuen neska gaztea. Dirudienez, orduan oso ohikoa zen “lehen gaueko eskubidearen” lege ez-idatzia jaun feudalaren eskura ezarri nahi izan zuen. Neskak ez zuen nahi, eta aurre egin zion. Amezagako jaunak, irainduta, haren aita espetxeratu eta torturatu zuen, hil zen arte. Neska gazteak, sorgin baten bitartez, madarikazioa bota zuen, “jauregia inoiz ez amai-tzea”, mendeetan zehar bete den madarikazioa. Mendeen poderioz, bukatu gabeko obra abandonatu egin zen. Sastrakak harresiak eta egongelak estali zituen, eta, harrezkero, zarata ikaragarriak eta emakume-auhenak entzuten dituztela diote herriko bizilagunek.