Arnasa Gara ekimenak ARNASETIK bideosormen lehiaketa antolatu du, euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena eta euren hizkuntza ohituren eta herrien inguruan gogoeta pizteko. Lehiaketak hiru kategoria ditu, adinaren arabera (LH 5-6; DBH 1-2; eta DBH 3-4). Arnasa Gara UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz. 2023ko edizioan 112 lan jaso zituen ekimenak, eta 1.600 bozkatik gora.
Lehiaketan, euskararen arnas- guneetako ikastetxeetako ikasleek zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleek har dezakete parte, banaka edo lagunartean. Haien egitekoa euskarari lotutako istorioak kontatzea izango da bi minutuko ikus-entzuneko lanen bidez, eskatutako erronkari erantzunez.
Hiru erronka
Aurreko edizioetan bezala, ARNASETIK lehiaketaren hirugarren edizioa ere adinaren araberako hiru kategoriatan banatzen da. Kategoria bakoitzean zenbait erronkari erantzuna emateko bideoak aurkeztu beharko dituzte gazteek. Kategoria bakoitzak 500 euroko sari baliokide bat izango du, bai eta publikoaren sariak ere. Honako hauetan gastatu ahal izango da, nahi den moduan: IrisarriLanden, Durangoko Azokan, EITBko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandisingean, Gure Zirkuan, etab. Gazteek aukera izango dute beren sormen lanak irailaren 16tik urriaren 31ra bitartean bidaltzeko, eta publikoak azaroaren 5etik 15era izango du epea bere botoa emateko webgunean.