Espainiako Botiken prezioaren Komisioak (gazteleraz CIPM) Enhertu eta Trodelvy deitutako farmako berriak finantzatzea onartu du. Botika hauek bularreko minbizi metastasiko mota batzuetan erabiltzen dira.
Aurretik farmako hauen kostuak asumitzea errefusatu ondoren iritsi da erabakia. Lautan eman du ezezkoa Espainiako Gobernuak.
La Vanguardia egunkariari egindako adierazpenetan, Victoria Rodrigo pozik agertu da: “Albistea negarrez eta elkar besarkatuz hartu dugu”, esan du. Bera izan da, change.org kanpainaren burua.
“Itxaropen izpia da bularreko minbizi metastasikoa duten gaixo guztientzat. Bizitza apur bat gehiago izango dugula ospatzen ari gara. Egun zoragarria da”.
Pazienteek euren kostua ordaindu beharrik gabe lortu ahalko dituzte hemendik aurrera farmako horiek. Orain arte, 21 egun irauten dituen farmakoagatik 5.500 euro ordaindu behar zituzten.
“Euren etxea hipotekatu behar izan duten kideak ditugu, urte bete zihoazelako farmako hori jasotzen. Eurentzat desesperazio hutsa zen. Garrasika eskatzen zuten bizitza gehiago eman ziezaieten”, gehitu du Rodrigok. Berak martxan jarritako kanpainak 156.000 sinadura bildu ditu.