Bideojokoen historiako titulurik onenak euskaraz edukitzea luxu hutsa da, eta horixe bera egin du Game Erauntsia Elkarteak Super Mario Bros. 3 mitikoarekin.
Joxeba Lizeaga Game Erauntsia Elkartekoko kidea arduratu da NESko bideojokoa gure hizkuntzara ekartzeaz. Mario eta Luigi anaiekin batera, Basalurraren lehen lurretatik hasita, Bowser zitalaren lurralde ilunerainoko bidaia osoa euskaraz bizi dezakegu berari esker. Menu nagusiak, Toad-en jokoak, Peach printzesaren gutunak zein bukaerako kredituak, guztiak euskaratzea lortu du Lizeagak.
ROM fitxategia itzultzeko prozesua oso sinplea da. Hemen jarraibideak:
- Itzulpenaren IPS fitxategia eta Lunar IPS programa jaitsi.
- Super Mario Bros. 3ren ROM fitxategia lortu. USA bertsioa behar da euskaratzea aplikatzeko (Game Erauntsiak ezin dezake eskaini).
- Lunar IPS ireki, eta ‘Apply IPS Patch’ aukeran sakatu.
- IPS adabakia aukeratu irekitzen den menuan.
- Super Mario Bros. 3ren ROM fitxategia aukeratu irekitzen den menuan.
- Eginda!
Euskaratutako SMB3 emulatzaileetan erabil daiteke; horiez gain, ez legoke arazorik NES kontsola originalean jokatzeko.
Marioren hirugarren abentura sagako maitatuenetakoa da: NES kontsolako maisulanik esanguratsuena izateaz gain, iturginaren joko klasikoetatik onena da zale askoren ustez. 1988. urtean kaleratu zuen Nintendo-k Japonian.
Hirugarren atala euskaratuta, Marioren obra klasikoenak gure hizkuntzan joka ditzakegu! Super Mario Bros, Super Mario Bros 2 (edo SMB USA), Super Mario Bros 3, Super Mario World zein Super Mario 64 euskaraz jokatu ahal izateko sekulako lana burutu dute euskal bideojokozaleen komunitatea osatzen duten zaleek. Bejondeiela!
Super Mario Bros 3 Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendako 168. titulua da. Hemen aurkituko dituzu guztiak.
Iturria: Game Eranuntsia