“28 years later” filma Iphone 15ekin grabatua izan da

Danny Boyle eta Alex Garland-en 28 years later pelikulak errekor bat hautsi du. Izan ere, smartphone-ak erabilita grabatu den historiako pelikularik garestiena da.

Pelikula jada grabaturik dago eta orain ekoizpen prozesuan dago. Infektatutakoen sagaren hirugarren pelikula hau iPhone 15ekin grabatua izan da eta 75 milioi dolarreko aurrekontua izan du.

Wired hedabideak ezagutzera eman duenez, 28 years later, nagusiki, egokitutako iPhone 15ak erabiliz errodatu da. Erabilitako modelo zehatza 2023an kaleratu zen iPhone 15 Pro Max izan da.

Informazio hau paparazzi bati esker jakin ahal izan omen da, errodajeko argazki batzuk egin zituelako. Irudi horietako batean Jodie Comer aktorea behatu liteke, ondoan teknologikoki izugarri aurreratua dirudien kamara baten alboan. Xehetasunez begiratuz gero, ordea, ikusi liteke mugikor bati lotuta doala. Ondoren, ekoizpen taldeko kide batzuk baieztatu zuten iphone 15en erabilera.

Dirudienez berariaz hartutako erabakia izan da, bai maila teknologikoan eta baita estilistikoan ere. 2002ko 28 Days Later garaiko Canon XL-1 kamara digitalekin errodatu zen. Ordurako oso erabaki modernoa izan zen, lehenetarikoa Hollywood-en. Pelikularen kalitatea sakrifikatzea erabaki zen estetika errepikaezinaren mesedetan. Izan ere, kamara horiek ez zuten garaiko beste batzuen kalitate berdina.

Aldiz, sagaren hirugarren pelikula honetan ez da erresoluzio baxua bilatzen, baizik eta filmari nortasun jakin bat esleitzea, Hollywood-eko beste superprodukzioetatik aldentzeko asmoz.