Indarkeria matxista prebenitzeko Beldur Barik lehiaketa martxan da

Dagoeneko hamabosgarren edizioa martxan jarri duen Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketak indarkeria sexista eta matxista saihestu nahi du gazteen artean. Hau da, 12 eta 20 urte bitarteko gaztea bazara eta interesa baldin baduzu, ikus-entzunezko lanak aurkez ditzakezu azaroaren 8ra arte.

Lehiaketa hau Emakundek sustatzen du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiekin eta Eudel Euskadiko Udalen Elkartearekin batera. Eta egin beharrekoari dagokionez, bideo bakoitzak hiru minutuko iraupena izan beharko du gehienez, eta nerabeek eta gazteek indarkeria sexistaren mota desberdinen aurrean duten hausnarketa eta jarrera jaso beharko ditu. Emakumearen Euskal Erakundeko arduradunek azaldu dutenaren arabera, «Beldur Barik jarrera irudikatu nahi da, neskek eta mutilek desberdintasun-egoerei aurre egiteko dituzten moduak definitzen dituena eta errespetuan, askatasunean, autonomian eta erantzunkidetasunean oinarritutako harremanak eraikitzen dituena».

Lehiaketak hiru kategoria ditu adinaren arabera: lehenengoa 12-14 urtekoei zuzendua, bigarrena 15-17 urte bitartekoei eta hirugarrena 18-20 urte bitartekoei; eta horietako bakoitzeko bi lan sarituko dira: irabazlea eta aipamen berezia, 400 eta 200 eurorekin, hurrenez hurren; eta 300na euroko beste bi sari, ikus-entzunezko lan onenarentzat eta bideo bozkatuenarentzat. Parte hartzea banaka edo taldeka izan daiteke (ikastetxea, gaztelekua eta abar).

Aipatzekoa da lehiaketarekin batera, ‘Beldur Barik’ abestia estreinatu dela, edizio honetarako propio sortua. Garazi Zabaleta Mendizabalek konposatu eta ekoiztu du abestia, eta Victor Sanchezek (Elkar Estudioa) nahasketan eta masterizazioan parte hartu du. Leire Olariaga (Ithaka), Afrika Bibang eta Ane Agirre (Biren) izan dira abeslariak, eta Lexlie@wambramorenak sortu du bideokliparen koreografia. «Kanta honek gazteak indarkeria matxistaren aurrean modu aktiboan azaltzera bultzatu nahi ditu», esan dute.